EKONOMIA

Bost zergaren transferentzia onartuko du kontzertu ekonomikoari buruzko batzorde mistoak gaur

Gipuzkoak kontzertu ekonomikoa aldatzeko ituna babestuko du. Burujabetza fiskalari buruzko gaiak adosteko organo iraunkor bat osatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Jon Fernandez.
2014ko urtarrilaren 16a
17:37
Entzun

Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak iragarri du gaur Martin Garitano ahaldun nagusia Madrilen izango dela kontzertu ekonomikoari buruzko batzorde mistoan, eta kontzertuaren erreforma berretsi eta bost zergaren transferentzia onartuko duela. Hala ere, Jaurlaritzak ituna itxita eraman duela salatu du Francok, eta aldundiak beto eskubidea badu ere "arduraz" jokatuko dutela esan du, eta ez duela sinadura oztopatuko.

Gipuzkoako Diputazioak garrantzia kendu dio Madrilgo bilerari, bere iritziz "bigarren mailakoak" baitira gaurko bilerako gaiak: joko eta apustuen, loteriaren, kreditu erakundeetako gordailuen, energia elektrikoaren produkzioaren eta energia nuklearraren, hidrokarburoen eta fluor gasen produkzio eta biltegiratzearen gaineko zergen eskualdatzea. Francoren ustez, gai garrantzitsuagoak dira erabaki beharrekoak: kupo legea, aurre- kontuen egonkortasun legearen EAEko aplikazioa eta BEZaren eskualdatzea.

Gai horiei buruz hitz egin nahi du Gipuzkoak Espainiako Gobernuarekin, baina hara joan aurretik Jaurlaritzak eta aldundiek etxeko lanak eginda izatea nahi du, hau da, ahots bakarrarekin hitz egitea. Horretarako, batzorde egonkor eta iraunkor bat sortzeko eskatu dio gutun baten bidez Jaurlaritzari. BERRIAk eskuratu duen agiri horrek dioenez, batzorde horren zeregin nagusia hauxe izango litzateke: "Burujabetza ekonomiko eta fiskalarekin lotutako gaiak lantzea, adostea eta estatuaren edo beste nazioarteko fororen baten aurrean batera defenditzea". Aurretik aipatutako gaiak ez ezik —kupoari buruzko desadostasunak, BEZa...—, Gipuzkoako foru gobernuak uste du "estatus berriaren bidean zerga eta finantza arloan aurrerapausoak emateko egoki izan daitekeen beste edozein gai" ere jorratu beharko lukeela batzorde horrek.

Gipuzkoak "aldeko erantzuna, eta azkarra" espero du Jaurlaritzaren aldetik, "euskal gizarteak ez baitu ulertuko euskal instituzioak bakoitza bere aldetik ibiltzea zenbait gai lantzeko orduan" edo "adostasun hutsalak sinatzea eta burujabetza ekonomikoa eskuratzeko pausoak ez ematea". Gipuzkoako Aldundiak gaur eguerdirako erantzun bat emateko eskatu dio Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.