Botereak urre beltza nahi du

Argentinako Gobernuak oraindik ez du argitu ea Espainiako Repsol petrolio ekoizleari YPF adarra kenduko dionVenezuelak, Ekuadorrek eta Boliviak hidrokarburoak nazionalizatu dituzte

jakes goikoetxea
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Argentinako Gobernuak YPF adarra kentzeko mehatxua egin dio Repsol konpainia espainiarrari. Oraingoz ez du erabakia hartu. Mehatxuak Espainiaren eta Argentinaren arteko gatazka diplomatikoa eragin du.

Nazionalizazioak asko zabaldu dira azken urteotan Hego Amerikan. Petrolioari eta gasari dagokienez, Bolivian, Ekuadorren eta Venezuelan egin dituzte batez ere, aberastasunen kontrola eta irabaziak berreskuratzeko, eta aberastasuna gizartean banatzeko. Evo Moralesek, Rafael Correak eta Hugo Chavezek beren programen eta agintaldien ardatz bihurtu dute erregaien ustiapena berreskuratzea.

Nazionalizazioen ondorioz, atzerriko hainbat konpainiak herrialdeak utzi dituzte, baina gehienek bertan jarraitu dute, petrolioa eta gasa ustiatzeak errentagarri izaten jarraitzen baitu. Gainera, herrialdeek zailtasunak izango lituzkete petrolio ustiapen guztiak beren gain hartzeko, beharrezko inbertsioagatik eta teknologiagatik.

1. Argentina

Oraingoz Repsol YPFri petrolioa eta gasa ustiatzeko hemeretzi baimen kendu dizkiote Argentinako sei probintziatan. Cristina Fernandez Argentinako presidenteak petrolioa ekoizten duten hamar probintzietako gobernadoreekin bildu zen herenegun, baina ez zuten erabakirik hartu. «Europatik jasotako presioengatik», La Nacion egunkariaren arabera. Gobernuak dekretua prestatuta dauka YPFren akzioen %50,01 eskuratzeko, Argentinako komunikabideen esanetan.

Fernandezek beharrezko guztia ez inbertitzea leporatzen dio Repsol YPFri. Petrolio produkzioa murriztu egin du, eta Argentinak petrolio eta gas gehiago inportatu behar du. Aurten, lehen aldiz, Argentinak esportatu duena baino energia gehiago inportatu du, energia saltzeagatik jaso duen dirua baino 3.438 milioi dolar gehiago gastatu behar izan du energia erosten.

Petrolio ekoizleak, ordea, dio iaz YPFk inoiz baino diru gehiago inbertitu zuela Argentinako ustiategietan, 3.266 milioi dolar, eta aurten 3.500 milioi dolar inbertituko dituela.

Helburua Hernan Lorenzino Ekonomia ministroak argitu du: «Argentinak behar duen petrolioa ekoiztea». Inportatu beharrik gabe. Argentinako ekonomiaren susperraldiak eta energiaren prezio apalek energia kontsumoa nabarmen handitu dute azken urteotan; produkzioa, ordea, jaitsi egin da, ekoizleentzat Argentinako merkatua ez baita hain errentagarria. Erregaiak, gasa eta argindarra beste herrialde batzuetan baino merkeagoak dira. Ekoizleak ez daude prest produkzioa areagotzeko inbertsioak egiteko.

YPF Argentinako hidrokarburo ekoizle eta zerga-ordaintzaile nagusia da. Repsolek 1999an erosi zuen, 13.500 milioi euro ingururen truke. Repsolen esku dago YPFren %53,47. Argentinako Petersen taldeak —Eskenazi familia— %25,46 dauka, eta hark kudeatzen du YPF. Eskenazitarrak Nestor Kirchner orduko Argentinako presidentearen —Cristina Fernandezen senarra— gertukoak ziren, eta Kirchnerren babesa izan zuten YPFn sartzeko.

2. Venezuela

Hugo Chavez izan da Hego Amerikan desjabetze edo nazionalizazio gehien eta handienak egin dituena. Petrolio ustiapenena batez ere. Venezuela munduko petrolio ekoizle nagusietakoa da, eta petrolio eta gas erreserba handiak ditu.

2007an atzerriko petrolio konpainiak behartu egin zituen Venezuelako petrolio konpainia nazionalarekin (PDVSA) konpainia mistoak sortzera. Kasu guztietan Estatuaren, PDVSAren, esku geratu zen petrolio ekoizpenaren kontrola, konpainia mistoen %60 berea baita.

Chevronek, BPk, Statoilek eta Totalek onartu zuten; Ameriketako Estatu Batuetako Exxon Mobilek eta ConocoPhillipsek ez, eta Venezuelako Gobernuak putzuak kendu zizkien. Auzitara jo zuten.

Exxon Mobilek 12.000 milioi dolar eskatu dizkio Venezuelako Gobernuari; Nazioarteko Merkataritza Ganberak —arbitrajerako erakundea— 908 milioi dolar ordaintzeko esan dio; eta Venezuelak 250 milioi dolar ordaindu dizkio. Oraindik Munduko Bankuaren arbitraje erakundearen (ICSID) erabakia falta da. Venezuelak jada esan du ez duela erabakia onartuko.

2009an petrolio ekoizpenarekin lotutako jarduera ekonomiko guztiak desjabetu zituen.

Kuban minbiziaren kontrako tratamendua jaso, Venezuelara bueltatu eta han egindako lehen ekitaldian ere nazionalizazio mehatxuak egin zituen Chavezek. «Ez litzateke txarra izango banku pribatuak eta oposizioari laguntzen dioten enpresa handiak herriaren esku uztea», esan zuen. Urtarrilaren amaieran banku nagusiei —tartean BBVAri—nazionalizatzeko mehatxua egin zien, nekazariei maileguak ematen ez badizkiete.

3. Ekuador

Ekuadorko Gobernuak hiru urteko negoziazioa behar izan zuen petrolio konpainiekin akordioa lortzeko, 2010 amaieran. Hitzarmena sinatu zuten ekoizle gehienekin. Akordioaren arabera, ustiatzen den petrolio guztia Estatuarena da. Atzerriko konpainiei kopuru finkoa ordaintzen die upel bakoitzeko (35-41 dolar), eta kopuru horretatik gora lortutako irabazi guztiak Estatuarentzat dira.

Petrolioa da diru iturri nagusia: diru sarreren %56 izan ziren 2010ean, eta aurrekontuen erdia petrolioaren diru sarrerekin ordaindu zuten. Azkeneko urteetan atzerriko multinazionalen petrolio ekoizpena asko jaitsi da Ekuadorren, inbertsioak asko murriztu baitituzte. Horrek diru arazoak eragin dizkio gobernuari.

AEBetako Noble Energyk —Ekuadorren EDC— ez zuen akordioa sinatu, eta gobernuak nazionalizatu egin zuen gasa ustiatzeko Amistad eremua. 74 milioi dolar ordaindu zizkion Noble Energyri. Petrobrasek Ekuadorren lan egiteari utzi zion.

4. Bolivia

Boliviak hidrokarburoak nazionalizatu zituen 2006an. Legeak dio hidrokarburoen balioaren %82k Estatuaren esku geratu behar duela eta %18k petrolioa ustiatzen duten konpainien esku. Boliviako Gobernuaren datuen arabera, 2001 eta 2005 artean 1.454 milioi dolar jaso zituen gasa eta petrolioa ustiatzeagatik; nazionalizatu eta gero, 2006 eta 2011 artean, berriz, 9.492 milioi dolar.

Aurten PAEren gas ustiategi bat nazionalizatu du, gobernuaren esanetan ez duelako agindutako inbertsioa egin ustiategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.