Gasteizko Boulevard merkataritza zentroa berriro ere salgai jarriko da. Azalera handiaren jabeak, CBRE Global Investors funtsak, eskaintzak jasotzen ari da, eta hamar eguneko epean erosle bat aukeratzeko asmoa duela aurreratu du. Gutxi gora behera, Boulevard 150 milioi euro inguru balio ditu, baina horrek ez du esa nahi prezio horretan esleituko denik. Merkataritza zentroak hamar urte bete ditu duela gutxi, eta salgai jarriko den bigarren aldia izango da. Lehenbizikoa ateak ireki eta lau hilabetera gertatu zen, 2004. urtean. Orduko lehen salmenta hori oso polemikoa izan zen.
Hiru sustatzaile izan zituen Boulevardek. Promodeico-ING Real State higiezin sustatzailea, Eroski eta Inalco izeneko elkartea, hiriko merkatarien elkartea. Hasiera batean, Boulevard “tokiko merkataritza bultzatzeko” azpiegitura gisa babestu zuen Gasteizko Udalak. Haatik, sustatzaileentzat negozio oparoa izan benetan: INGren inbertsio funtsari 144 milioi eurotan saldu zioten, ireki bezain pronto, bidean 36 milioi euro irabazita. Gainbalio horretatik Gasteizko Udalak ez zuen euro bat bera ere ikusi.
Liskarra udalera iritsi zen, eta, oposizioak behartuta, PPko udal gobernuaren eta Alfonso Alonso garaiko alkatearen — eta egungo PPko bozeramaile Espainiako Kongresuan — lana aztertzeko ikerketa batzordea jarri zen martxan. Laster geratu zen argi ez zela ustelkeria leporatzerik. Aldiz, hiriaren interes publikoa behar bezala babestu ote zen argitzea bihurtu zen batzordearen eginbehar eta helburu nagusia.
Proiektuaren jatorria 1998an kokatu behar da. Urte horretan Gasteizko Udalak, Jose Angel Cuerda buru, akordio bat sinatu zuen Sidenor enpresarekin. Zaramaga auzoan zegoen altzairutegia lekualdatzeko akordioa zen. Horren arabera, Sidenorrek orubea salduko zion udalari, 16 milioi euroren truke. Jasotako dirua Gastezen inbertitu behar zuen Sidenorrek, baina, aldi berean, udalak lortutako gainbalioa erdibana banatu behar zen enpresarekin.
Alonsoren esku-hartzea
Akordio hori gauzatu baino lehen, PPk hartu zuen hiriko agintea. Alfonso Alonso alkateak Cuerdaren akordioa baztertu, eta beste bat landu zuen. Akordio berriak helburu jakin bat zuen: Eroskik eta Inalco elkarteak merkataritza gune bat eraiki ahal izatea orube horretan. 2000. urtean sinatutako akordioa horrela geratu zen: Boulevardeko sustatzaieek 21 milioi ordaindu behar zioten Sidenorri, eta beste 20 milioi, zergak barne, udalari, sarbideak eraikitzeko. Gainbalioak egotekotan, udalak ez zuen dirurik jasotzeko eskubiderik.
Bigarren akordioak merkataritza zentroaren izaera aldatu zuen. Tokiko merkatariek, azkenean, soilik jabetzaren %30 lortu zuten. Inalcok 99 bazkide zituen, baina azkenean soilik 18k jarri zuten dendaren bat merkataritza gunean. Beste guztiak soilik finantza bazkide bihurtu ziren, eta, ondoren merkataritza gunea saldu zenean, irabazien parte bat patrikaratu zuten. Salmentaren ondoren, tokiko merkatariek beste bezeroen pare geratu ziren, alokairuan, eta merkataritza guneari buruzko inolako erabaki ahalmenik gabe. Gaur egun, oso gutxik dute dendaren bat bertan.
Bi hilabete eta erdiz operazioan parte hartu zuten eragile guztiek deklaratu zuten udalean. Azkenean ikerketa batzordeak “erantzule politikotzat” jo zuen Alonso alkatea, oposizioko alderdien botoari esker. Alonsoren “inhibizioa, utzikeria eta zabarkeria jarrera arduragabearen ondorioz” hiriak ez zuela salmentan izandako irabazietan parte-hartzerik izan jasotzen dute ondorioek.
Herri Kontuen Epaitegia, aurka
Ez zen izan kritika bakarra. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txosten batek salatu zuen ezarritako helburu publikoak betetzen zirela egiaztatzeko tresna falta. “2000 urteko akordioan ez dago justifikatuta udal interesen babesa”, salatu zuen Kontu Epaitegiak. Halaber, tokiko merkataritzaren parte-hartzea sustzatzeko helburua ez zela bere ondorioztatu zuen. Beste arau hauste batzuk ere aurkitu zituen azterketak. Esaterako, merkataritza zentroa 2003ko azaroaren 4ean ireki zen, baina udal lizentzia 2004ko otsailaren 12a arte ez zuen lortu.
Hala ere, hala udalak nola Herri Kontuen epaitegiak egindako kritika salaketa politikoan geratu zen, eta auzia ez zen urrunago iritsi. Alfonso Alonso alkateak, aldiz, legez kanpoko ezer ez zela egin argudiatuz defendatu zuen egindako guztia.