Bruselak 2018ra arte luzatu du meatze defizitarioak laguntzeko baimena

Diru laguntzak modu progresiboan murriztuko dituztela agindu beharko dute herrialde ekoizleek

2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak 2018ra arte luzatu du errentagarriak ez diren ikatz meatzeei diru laguntzak emateko baimena. Baldintza batekin: laguntzak modu progresiboan murrizteko konpromisoa hartu beharko dute herrialdeek.Hala esan du Joaquin Almunia Europako Lehiarako komisarioak: «Akordioak argi eta garbi jaso beharko du baldintza hori; bestela, ez da akordiorik egongo».

Europako Batasunean 100.000 lagun inguruk lan egiten dute ikatz meatzeei lotutako jardueretan; 42.000 inguru harrikatz meatzeetako langileak dira, eta beste 55.000 meatzeekin lotura duen industriakoak. Diru laguntza publikoei esker irauten duten ikatz meatze ia guztiak Alemaniako Ruhr eskualdean, Espainiako ipar-ekialdean eta Errumaniako Jiu eskualdean daude. Polonian ere ekoizten dute ikatza, baina hango meatzeak ustiatzea errentagarria da oraindik.

Hain zuzen, herrialdeekoizleek eta Europako Parlamentuak egindako presioek bultzatu dute Brusela hasieran zituen asmoak goitik behera aldatzera, eta uztailean aurkeztu zuen proposamena bertan behera uztera. Baimena lau urtez luzatzea, eta denbora horretan laguntzak progresiboki murriztuaraztea ziren haren asmoak. Murrizketa nola egin ere pentsatua zuen. Hamabost hilabeteko tarte bakoitzean laguntzen heren bat kentzea zen Bruselaren intentzioa. EBko herrialde ekoizleek, ordea, laguntzak emateko baimena 2018ra arte luzatzeko eskatu diote behin eta berriro, eta azkenean haien eskaera onartu behar izan du.

Goizago edo beranduago, garbi dago azkenean ateak itxi beharko dituztela errentagarriak ez diren meatze horiek guztiek. Itxiera lau urtean gauzatzea zen Bruselaren nahia; orain, berriz, zortzi urte izango dituzte jarduteari uzteko. Almuniaren esanetan, horixe da logikoena, bideragarriak ez diren enpresak ixtea. «Diru laguntza publikorik gabe aurrera egiten ari diren lehiakideentzat ez ezik, herritarrentzat ere horixe da justuena. Ez du zentzurik diru publikoa horrela gastatzeak, eta are gutxiago murrizketa garaiotan».

Erdia, atzerritik dator

Europako Batasunean harrikatz gutxi ekoizten da, kontsumitzen denaren ondoan. EBko kontsumitzailerik handienak ikatza erretzen duten zentral elektrikoak dira. Eta haiek atzerritik ekartzen dute erregaiaren erdia baino gehiago. Alemanian, argindar ekoizpenaren %40 inguru ikatza erretzetik sortzen dute, eta erretzen duten horren ia erdia harrikatza da. Errumanian, argindarraren %40 inguru ekoizten dute ikatzetik, eta han harrikatza da erretzen duten ia guztia. Espainian, berriz, ekoizten duten argindarraren %25 inguru sortzen dute ikatza erretzetik, eta harrikatza erdia inguru da.

EBko harrikatz ekoizlerik handiena Polonia da; handik dator produkzio osoaren erdia. Beste erdia, berriz, Alemaniak, Erresuma Batuak, Txekiak eta Espainiak ekoizten dute.

Harrikatzaren sektoreari EBko agintariek ematen dizkieten diru laguntzak asko murriztu dira azken urteotan; 2003an, 6.400 milioi euro banatu zituzten orotara; iaz, ostera, 2.900 milioi euro besterik ez. Ekoizleei ematen dizkieten laguntzak ere %62 murriztu dituzte bost urtean; iaz, 1.288 milioi euro banatu zituzten haien artean. Kontrara, meatzeak ixteak eragiten dituen gizarte gastuetara eta eta meatzeek ingurumenean eragiten dituzten kalteak konpontzera gero eta diru publiko gehiago bideratzen dute herrialdeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.