Ekonomia

Bruselak "abusua" egotzi dio Googleri, bere zerbitzuak hobesten dituelako kokaguneetan

Googlek, kokaguneei dagokienez, "konpetentzia ahuldu eta zokoratu" egiten duela uste du Europako Batzordeak. Hala, sareko publizitatean "abusua" egitea egotzi dio.

2016ko uztailaren 14a
09:33
Entzun

Sareko publizitatean kokaguneekin abusua egitea egotzi dio Europako Batzordeak Googleri. Bere zerbitzuak hobesten dituela uste du, eta konpetentziakoak "ahuldu eta zokoratu" egiten dituela. Hori bi modutara egiten du Googlek, Batzordearen ustez: publizitatea egiteko moduarekin, batetik, eta prezioak konparatzekoarekin, bestetik. Bilaketetarako tresna komeni zaion erara erabiltzea egozten dio, beraz, eta hori gertatzen dela esateko "froga eta datu asko" dituela ohartarazi du.

Margrethe Vestager komisarioak eman ditu azalpenak, eta esan du jarrera horrekin erabiltzaileei errealitatea ezkutatzen diela Googlek. Litekeena dela erabiltzaileek ez topatzea bilatzen ari direnarentzako emaitzarik onena. "Gure ikerketek ondorioztatzen badute monopolioaren kontrako arauak urratu dituztela, erabiltzaileen eta konpententzia askearen aldeko neurriak hartuko ditugu", esan du.

Batzordeak egindako akusazioak Googleren eta bere jatorrian dagoen Alphabeten esku daude. Akusazioen berri emanez bi txosten berri bidali dizkiote, bide berean aurretik bidalitakoei gehitzeko.

Googlek akusazioak ukatu ditu. Eta egozten zaionaren alderantzizkoa egiten duela azpimarratu du: "Konpetentzia sustatzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.