Europako Batasuna

Bruselak doinua gogortu du Frantziarekin, eta bigundu Espainiarekin

Alemaniako kontu korronteko superabita ere zuzendu behar dela esan du Rehnek, baina azaroan baino doinu apalagoan.

Olli Rehn, gaur, datuak ematen. OLIVIER HOSLET, EFE
Iker Aranburu.
2014ko martxoaren 5a
00:17
Entzun

Gutxika bada ere Europako Batasuneko kideak beren desoreka makroekonomikoak arintzen ari direla esan du Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. Hamalau herrialde daude Bruselaren begiradapean desorekak izateagatik (hiru atera dira 2013ko udazkenetik) , eta horietatik hiru “gehiegizko desorekengatik”: Italia, Eslovenia eta Kroazia. Zerrenda beltzen artean beltzenetik atera dute Espainia.

EBk bereziki kontrolatzen dituen zerrenda horretan Kroazia sartu berria dago, baina baita Italia ere. Gobernuz gobernu daramatza Italiak krisiaren azken urteak, eta derrigorrezkotzat jotzen dituen erreformak zintzilik daudela iruditzen zaio Bruselari.

Gehiegizko desorekak dituztenen artean ez izan arren, Frantziarekin kezka berezia duela erakutsi du berriro ere Europako Batzordeak. Parisi ere errieta egin dio Rehnek, lan kostuak “handiak” direlako eta enpresen irabazi marjina txikiek inbertsiorako gaitasuna mugatzen dielako. Lan kostuak jaisteko François Hollanderen gobernuak hartutako neurriak oraingoz motz geratu direla dio Rehnek, eta sektore batzuren liberalizazioan sakontzeko eskatu dio. Zor publiko handiari aurre egiteko aholkatu dio, eta gastuetan murrizketa gehiago egin ezean ez duela defizit helburua beteko. Horregatik, zaintzapean jarri du Bruselak.

Espainiari buruz baikorrago azaldu da Rehn, desoreka batzuk mugatzen ari delako, langabeziak hazteari utzi diolako eta esportazioak hobera doazelako. Baina oraindik arazo handiak dituela gogorarazi dio Rajoyren gobernuari. “Arrisku handiena konplazientzia da”, esan du komisarioak, eta horregatik eskatu die Madrili eta EBko beste kideei erreformekin jarraitzeko. Azken horien artean, lan kostuak gehiago jaisteko neurriak nahiko lituzke Bruselak.  

Herrialde bakoitzaren azterketa sakonagoa eta gomendio partikularrak ekainaren 2an aurkeztuko dituela iragarri du Rehnek.

Alemaniaren kasua

Joan den azaroan, Brusela ausartu zen azken urteotan inor ausartu ez dena egitera: Alemaniari ohartarazi zion kontu korronteko gehiegizko superabita izateagatik. Hau da, esportatzen dituen ondasunak eta finantza zerbitzuak askoz handiagoak direla inportatzen dituenak baino. Barne produktuaren %4 eta %6 arteko superabita ontzat jotzen du EBk, baina %8tik gora du Alemaniak azkenaldian, eta gora doa ia etengabe. Alemaniak superabit hori munduko gainontzeko herrialdeekin balu, ez litzateke arazo bat izango Bruselarentzat, baina kontua da bere bazkide nagusiak EBko beste herrialdeak direla, eurogunekoak nagusiki, eta, noski, Alemaniak haren produktuak ez baditu erosten, zailagoa izango dute krisitik ateratzea.

Gaurko agerraldian ere superabit horrek dakartzan arazoez ohartarazi dio Rehnek Berlini, baina nahiko modu apalean, eta zigorrak jartzeko inolako imintziorik egin gabe. Barne eskaria handitzeko gehiago inbertitzeko eskatu dio. Galderei erantzutean, Rehnek txalotu egin du Alemaniaren kanpo lehiakortasuna: "Nahiko nuke beste herrialdeak ere egoera horretan egotea". 

Euskal Herriak ez du defizitik Alemaniarekin kontu korronteko balantzearen arlo batean, harreman komertzialean alegia. Kontrara, superabit handia du. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, esaterako, 2.963 milioi euroko ondasunak esportatu zituzten 2013an Alemaniara, Arabako Merkataritza Ganberak joan den astean kaleratutako datuen arabera. Inportatu, berriz, 1.864 milioi izan ziren. Hau da, 1.100 milioi euroko superabita duela EAEk. Nafarroak ere superabita du, Volkswagen Poloen esportazioagatik batez ere. Berez, Nafarroak inportatzen dituen ondasunen ia halako bi esportatzen ditu: 7,382 milioi  doaz kanpora, eta 3.544 milioi etortzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.