Ekonomia

Bruselak ez ditu hobetu udaberriko aurreikuspenak

Esan du euroguneko ekonomiak %0,4ko atzeraldia izango duela aurten, eta %1,1 haziko dela 2014an. Enplegua sortzen hasi ahal izateko 2015era itxaron beharko dela ere adierazi du.

Miren Garate.
2013ko azaroaren 5a
16:15
Entzun

Ekonomia suspertzen ari dela erakusten duten gero eta zantzu gehiago daudela esan du Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia eta Finantza gaietarako arduradunak. Baikortasun hori, ordea, ez da askorik nabari Bruselak egindako aurreikuspenei buruzko txostenean. Esan du ekonomiak %0,4ko atzeraldia izango duela aurten eurogunean —mantendu egin du udaberrian emandako kopurua—, eta %1,1 haziko dela hurrengoan —aurrez esan baino hamarren bat gutxiago—. Enpleguaren sorrera nabaritzeko 2015era arte itxaron beharko dela nabarmendu du, eta orduan ekonomia %1,7 haziko dela dio.

Defizitari dagokionez, Bruselak uste du urtea amaitzerako BPGaren %3an kokatuko dela, eta herrialdeen batez besteko zorra %96koa izango dela. Garaipenaz hitz egiteko "goizegi" dela nabarmendu du Rehnek, besteak beste, langabeziak "maila onartezinetan" jarraitzen duelako. Aurtengo nahiz datorren urterako %12,2ko tasa aurreikusi du —gaur jakin da Hego Euskal Herrian %17,7koa dela—.

Ehunekotan, Zipre (-%8,7), Grezia (-%4), Eslovenia (-%2,7), Italia eta Portugal (-%1,8) eta Espainia (-%1,3) dira aurten gutxien haziko diren herrialdeak. Gehien, berriz, Letonia (%4), Lituania (%3,4) eta Errumania (%2,2) haziko dira. Bruselak AEBen, Txinaren eta Japoniaren hazkunde prebisioen berri ere eman du txostenean: AEBen hazkundea %1,6koa izango da; Txinarena, %7,5ekoa, eta Japoniarena, %2,1ekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.