Bruselak hobetu egin ditu hazkunde aurreikuspenak

Finantza merkatuetako ezegonkortasunak ekonomiaren susperraldia kolokan jar dezakeela ziurtatu du Europako Batzordeak

2010eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko ekonomia bere onera etortzen ari da. Uste baino bizkorrago, gainera. Udazkenean plazaratutako aurreikuspenak hobetu ditu Bruselak. Eta %0,75 beharrean, aurten ekonomia %1 haziko dela iragarri du. Datorren urtean, berriz, %1,75. «Aurreikuspenak hobetzea berri ona da Europarentzat». Hala esan du Olli Rehn Europako Batasuneko Ekonomia Gaietarako komisarioak. Baina finantza merkatuen ezegonkortasunaren arriskuez ohartarazi du. «Finantza arriskuek ekonomiaren hazkundeari trabarik ez egitea bermatu behar dugu orain». Finantza merkatuetan baitago arriskua, baita ekonomia onbidean jartzeko gakoa ere. Haiek egonkortzetik etorriko da susperraldia, EBren irudiko.

Aurreikuspenen hobetzea, batez ere, kanpo merkatuetako egoeraren ondorio dela zehaztu du Bruselak, EBtik kanpoko herrialdeetan ere egoera egonkortze bidean delako. Kontrara, barne eskariak ahul jarraitzen duela esan du, eta horrek eragotzi egiten duela ekonomiaren onbideratzea indartsuagoa izatea.

Herrialde bakoitzak abiadura diferentea darama, ezaugarrien eta indarrean dituzten politiken araberakoa. EBko ekonomia handietan, Espainia izango da urtea balio negatiboetan bukatuko duen bakarra. Hango ekonomia aurten %0,4 uzkurtuko dela uste du Bruselak. Irlandari %0,9ko uzkurtzea iragarri dio, eta Greziari %3koa. Aldiz, Frantzia %1,3 haziko da aurten, eta %1,2na Alemania eta Erresuma Batua.

Salbuespenak salbuespen, azkenaldian, lan merkatuak egonkortzeko joera erakutsi duela iritzi dio Bruselak. Langabezia tasak aurten joko du goia, iragarpen txarrenetan esandako mailara iritsi beharrik gabe. %10aren bueltan ibiliko da EBkoa. Baina badira maila hori aise gaindituko duten herrialdeak. Espainiari %19,7ko langabezia tasa aurreikusi dio aurtengo, eta %19,8koa datorren urterako. Frantzia, Grezia eta Irlandan ere biztanleria aktiboaren %10etik gora egongo da lanik gabe bi urteotan.

Ekonomiak hondoa jo ez zezan diru publikoa erabili izana ezinbestekotzat jo du Europako Batzordeak. Ondorioz, defizit publikoa handitu egin da. Aurten, defizita barne produktu gordinaren %7,25era ailegatuko da EBn, datorren urtean zertxobait jaisteko. EBko herrialdeetan, Irlandak eta Erresuma Batuak izango dute aurten kontu publikoetan zulorik handiena, %11,7 eta%12koa, hurrenez hurren. Olli Rehnen hitzetan, herrialdeek aurrekontuak saneatzeko ahalegina eta ekoizpena eta enplegua sustatzeko erreformak egin beharko dituzte, ekonomiaren hazkundea iraunkorra izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.