Bruselak isun bidez zigortu nahi ditu defizita gainditzen duten estatuak

Zorraren %60ko muga hausten dutenak edo ekonomia desorekatua dutenak ere estu hartu nahi ditu Europako Batzordeak

Iker Aranburu.
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, Espainian eta Bruselan ehunka mila langile austeritateak bultzatutako politiken aurka protesta egiten ari zirela, Europako Batzordeak austeritate hori inposatzeko zenbait neurri proposatu zituen. Gobernuen galbahea pasa eta indarrean jartzen badira -datorren urtearen erdialdera, goiz jota-, zigorrak pagatu beharko dituzte defizit edo zor publikoak kontrolpean izaten ez dituzten estatu kideek.

Grezian hasi eta Espainiara, Portugalera eta Irlandara hedatu den zor publikoaren moduko krisi bat eragoztea da Bruselaren helburu nagusia. Krisi horrek kolokan jarri zuen euroa bera, eta erakutsi zuen Europako Batasunaren arauak eta egiturak ez daudela ongi prestatuta diru bakarrari iraunarazteko.

Bruselak ezinbestekotzat jotzen du kontu publikoen gaineko kontrola zorroztea, eta Europako erakundeek esku hartu ahal izatea estatu kide batek defizit eta zor handiak pilatzen baditu. «Mezua garbia da: eskuko frenoari emango diogu autoa amildegitik behera erori aurretik», azaldu zuen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak.

1. Helburuak

Egonkortasun eta Hazkunde Itunaren printzipioei eutsiko diete euroguneko herrialdeek. Hau da, kontu publiko osasuntsuak izatea derrigorrezkoa dela epe erdian hazkunde tasa txukunak izateko. «Garai onetan estatu kideek zerga politika zuhurra izango dute, garai txarrak datozenean nahiko babes izan dezaten». Beste hitz batzuetan esanda, hazkunde garaian defizitak ezabatu behar direla eta zorra gutxitu, krisia iristen denean gastu publikoa handitzeko aukera izan dadin. «Politika zuhurretik» desbideratzen diren herrialdeei abisua emateko eskubidea eskatu du Europako Batzordeak.

2. Mugak

Egonkortasun Itunak dio estatu kide batek asko jota bere barne produktu gordinaren %3ko defizit publikoa izan dezakeela. Esaterako, Euskal Herriak gutxi gorabehera 100.000 milioi euroko BPGa badu -Gaindegiaren datua, 2007koa-, zerga bidez jasotzen duen baino 3.000 milioi euro gehiago ezin dituela gastatu urte batean.

3. Zigorrak

EBko herrialde gehienek noiz edo noiz Egonkortasun Ituna hautsi badute ere, oraindik ez du inork zigorrik jaso horregatik. Borondate politikoa falta izan da, eta hori are nabarmenagoa izan da hausleak Alemania eta Frantzia izan direnean. Orain, Bruselak nahi du estatu kide batek bere BPGaren %0,2ko isuna pagatzea %3ko defizitaren muga gainditzen badu. Mugak gainditu ez arren «politika desegokiak» indarrean jarri dituztenei BPGaren%0,2ko gordailua inposatu nahi die Batzordeak; politikak zuzenduz gero, dirua eta horrek sortutako interesak itzuliko litzaizkioke. Desoreka makroekonomikoak zuzentzeko oharra jaso arren ezer egin ez dutenei beste %0,1eko zigorra ezarri nahi die. Desoreka horien artean daude merkataritza balantzarena (esportazioen eta inportazioen arteko tarte handia), lehiakortasun galera nabarmena izatea, etxebizitza sektorean burbuila puztea edo zor pribatu izugarria izatea. Alemaniak eskatutakoaren aurka, Batzordeak ez dio ezer estatu kideei Europako funtsak kentzeko aukerari buruz.

4. Zorra

Defizitari dagozkion isunak ezarri nahi dizkie zor publikoa BPGaren %60tik gorako zorra duten herrialdeei. Muga hori lehengoa da, baina praktikan inork ez dio jaramonik egin. Italia, Belgika eta Grezia, esaterako, eurogunean sartu zirenean %100etik gorako edo inguruko zorra zuten, eta horrela daude oraindik ere. Baina azken krisiak agerian utzi du zorrak ere garrantzi handia duela, haren interesak eta berfinantzaketak pagatzeko dirutza baliatu behar dutelako herrialdeek, eta epe erdira eta luzera estatu bat ito dezaketelako. Hortaz, aurrerantzean zorra defizita bezain estu kontrolatu nahi du Batzordeak. BPGaren %60tik gorako zorra duten herrialdeek - hamaika 2009an, baina gehiago izango dira aurten-«erritmo egokian zorra gutxitzeko urratsak» egin beharko dituzte. Eta zein da erritmoa? Azken hiru urteetan, %60tik gorako aldea urtero hogeiren bat murriztu izana.

5. Erabakiak

Zigorrak automatikoki ezartzea nahi du Bruselak, esku-hartze politikoak eragozte aldera. Norbaitek muga bat gainditu duenean Bruselaren isuna indarrean jarriko litzateke, baldin eta hamar eguneko epean Europako Kontseiluak -gobernuek- ge-hiengo kualifikatu batekin atzera botatzen ez badu. Isunek sortutako interesak herrialde zintzoen artean banatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.