Googlek "proposamen hobe bat" egin duela adierazi du Joaquin Almunia Lehia komisarioak. "Hobekuntza nabarmen horiek mahai gainean ditugula, badaude aukerak berriro elkarlanean aritu eta konponbide eraginkor bat aurkitzen saiatzeko", esan du. Dena den, nabarmendu du isunen aukerak hor jarraitzen duela.
Orain hiru urte Europako Batzordeak Googleren gaineko ikerketa hasi zuen, merkatuan duen nagusitasunaz baliatu eta lehiaren aurka egiten ote duen aztertzeko. Besteak beste, Bruselak uste du bilatzaileak bere iragarkiei lehentasuna ematen diela eta lehiakideen edukiak bere mesedetan erabiltzen dituela. Esaterako, egotzi dio, bilaketa bat egitean, espezializatutako bilatzaile propioetarako loturak egitea, Google Shoping, Google Hotel Finder eta Google Newsera kasurako. Hau da, lehentasuna ematea baliabide propioei .
Aurrez ere, proposamen bat egin zuen AEBetako enpresak Europako Batzordearen ikerketa bertan behera geratzeko, baina ez zuen lortu. "Oraingo proposamenean bilatzaile lehiakideak askoz ikusgarriago daude. Gainera, aukera izango dute loturaren ondoan euren logoa jartzeko, eta testu dinamiko bat egongo da lehiakideen lotura bakoitzari lotuta", azaldu du Almuniak.
Proposamena merkatuko test baten bidez aztertu ostean, udaberri aldera adieraziko du Bruselak aski den edo ez. Oniritzirik ematen ez badio, diru sarreren %10 adinako isuna jaso dezake.