Bruselak onartu du balitekeela aurten atzeraldia izatea

Neurriak hartzeko eskatu die estatukideei, «shockaren kolpea arintzeko»

Herritarrak ilada bat egiten Milango supermerkatu batean. SERGIO PONTORIERO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 13a
16:03
Entzun

Ahaztuta geratu dira koronabirusaren krisiak egoera ekonomikoari kalte txikia egingo ziola iragartzen zen garaiak. Pandemiaren zabaltzeak eta hura geratzeko estatukide guztiak hartzen ari diren neurri bortitzek goitik behera aldatu dituzte iragarpenak. «Hazkundea erori egingo da, eta, ziur aski, negatiboa izango da aurten, baina espero dugu datorren urtean hazkundea itzultzea», adierazi du Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Gaietarako zuzendariak, Maarten Verweyk.

Otsailean, Europako Batzordeak kalkulatu zuen eurogunea aurten %1,2 haziko zela, eta EB osoa, berriz, %1,4.  «Iragarpen horietatik oso behera geratuko da», esan du Verweyk, eta esan du goizegi dela aurreikuspen gehiago egiteko. Udaberriko aurreikuspenak maiatzean zen ematekoa Brusela.

Lehen kolpea aire konpainiek hartu dute, milaka hegaldi bertan behera geratu baitira, eta bigarrena ostalaritza hartzen ari da, lehenik oporretarako plan asko bertan behera geratuko direlako, eta bigarrenik tabernak, jatetxeak eta hotelak ixteko aginduak ematen ari direlako herrialde eta eskualde batzuetan. Negozioa galdu dutenei likidezia ematea oso garrantzitsua dela uste du EBk, eta estatukideei eskatu die neurriak hartzeko. «Gauza asko egin daitezke shockaren kolpea arintzeko. Saiatu behar dugu erorketa ahalik eta laburrena izaten, eta eragotzi ekonomiari epe luzeko kaltea eragitea».

Aurrekontu politika malgutuko du

Baina EBk ere badu zer egin koronabirusaren kaltea txikitzeko. Horretako aukera bat da aukera ematea estatukideei aurrekontu diziplina hautsi eta beharrezkoa den gastu guztia egitea egin beharreko gastu gehigarriak ordaintzeko —osasun publikoaren beharrak hornitzea, enplegua galduko dutenak laguntzea, enpresak finantzatzea...—. Austeritatearen eta aurrekontu orekatuen defendatzaile nagusiak, Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak, gerrikoa askatzeko eskatu zion asteazkenean EBri, eta «beharrezkoa den guztia» egiteko prest azaldu zen koronabirusari aurre egiteko.

Haren deia entzungo du EBk. Mario Centeno eurotaldeko presidenteak iragarri du «erabateko malgutasuna» emateko akordioa dagoela euroguneko Finantza ministroen artean.

Astelehenean biltzekoa da Eurotaldea, eta «erantzun indartsua» emateko asmoa dute, Centenok Financial Times egunkariari esan dionez. Osasun sistemak eta babes zibila indartzeko neurriak iragarriko dituzte, baina baita familiak eta langileak babesteko ere, hala nola langabezia laguntza bereziak eta lanaldi laburragoak konpentsatzeko laguntzak. Enpresentzat ere izango da: likidezia arazoak estaltzen saiatuko dira, eta zerga gerorapenak ere onartuko dituzte.

«Esku artean duguna osasun krisi bat da oraindik, baina arduragabekeria handia izango litzateke egoera hondatzen uztea konfiantza eta  finantza krisi bat bilaka dadin», esan du Centenok.

Alemaniaren 'bazuka'

Ekonomiari laguntzeko neurriak hartu dituztenen artean Alemania bera dago. Olaf Scholz Finantza ministroak iragarri du nahi beste diru utziko diela arazoak dituzten enpresei. «Hau da gure bazuka, eta erabiliko dugu egin behar dugun guztia egiteko», azaldu du Scholzek.

Scholzek onartu du egoera «oso larria» dela. Bidaien jaitsierak logistika konpainiei, ostalaritzari eta turismoari egin die kalte. Industriek, berriz, lehen hornikuntza arazoak izan dituzte, eta kanpoko eskaria ere jaitsi zaie.

Azken urteetan, Alemaniak zorrotz bete du defizita zero izateko bere buruari ezarritako politika. Berez, superabita izan du 2014az geroztik, «eta horri esker gure finantza publikoak oso osasun onean daude, eta adibide bat dira munduarentzat». Baina krisiari aurre egin beharrak politika hori uztera behar dezakeela aitortu du Scholzek: «Ez da baztertu behar diru gehiago behar izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.