Bruselak uste du hazkundea hiruhileko honetan itzuliko dela Europara

«Okerrena igaro da; baina ez, ordea, enplegura», aitortu du Joaquin Almunia Ekonomia komisarioak

Iker Aranburu.
2009ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Aurretik beste erakunde batzuek egin bezala, Europako Batzordeak ere hobetu egin ditu aurreikuspen makroekonomikoak, eta hazkundea hiruhileko honetan itzuliko dela ziurtatu du. Europako Batasuneko BPGa aurreko hiruhilekoan baino %0,2 handiagoa izango da uztailetik irailera. Aurretik %0,1eko uzkurdura iragarri zuen. Urteko azkeneko hirujilekoan, berriz, %0,1eko hazkundea aurreikusi du Bruselak.

Badira salbuespenak, eta ez dira onak Hego Euskal Herriarentzat. Izan ere, EBko herrialde handienetan, Espainia izango da atzeraldian jarraituko duen bakarra: %0,4 eta %0,2 gutxituko da hango BPGa, hurrenez hurren. Itxaropen handiagoa ematen dute euskal enpresen beste bi merkatu nagusiek: Frantzia %0,4 eta %0,3 haziko da, eta %0,7 eta %0,1 Alemania.

Hazkunde «iheskorra»

Edonola ere, hazkundea oso ahula dela ohartu zuen Joaquin Almunia Europako Ekonomia komisarioak. Arazoetako bat langabeziaren bilakaera txarra da. «Okerrena igaro da, baina ez, ordea, enplegura», aitortu zuen Almuniak. Enplegua galtzearekin edo hura galtzeko beldurrarekin lotuta dago familien kontsumo txikia. Bankuek enpresei maileguak emateko uzkur direnez oraindik ere, zuhur jokatu behar dela gehitu zuen: «Datorren urteari begira, ziurgabetasuna da nagusi. Badira arrazoiak sinisteko suspertzea iheskorra eta apala izango dela».

Gainera, hazkunde datu positiboak banku zentralen eta gobernuen gastu estrari egotzi zizkion Almuniak, «eta ez dira beti hor egongo». Atzo ere, Bruselak ohartu zuen zor publikoa «jasanezina» izango dela ezer egin ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.