Europako Batasuna

Bruselarekin talka egitea erabaki du Italiako Gobernuak

Uko egin dio defizita handitzen zuen aurrekontu proiektua aldatzeari.

Conte, Juncker eta Merkel, EBren azken goi bileran. OLIVIER HOSLET / EFE
Iker Aranburu.
2018ko urriaren 22a
08:19
Entzun

Borroka eta tentsioa itzuli dira eurogunera, eta ez nolanahiko lekutik. Italiako Gobernuak erabaki du erronka botatzea Europako Batzordeari, eta harekin batera kontu publiko orekatuak lehentasun gisa jarri dituzten iparraldeko herrialdeei. Gastu publikoa handitzen duen aurrekontu proiektua aurkeztu du M55 Bost Izarren Mugimenduak eta Legak osatutako gobernuak, nahiz eta horrek zera ekarriko duen: defizit publikoa %2,4ra handitzea, eta, hortaz, Italiaren zor publiko handia are gehiago loditzea —BPGaren %131 da, EBko handienetan bigarrena, Greziaren atzetik—. Halakorik ez egiteko eskatu zion joan den astean Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak.

Europako Batzordeari gutun bat igorri dio eguerdian Erromako gobernuak. Horretan, justiifikatu egiten du gastu publikoa handitzea, horrekin ordainduko duelako pentsioen erreforman atzera egitea eta herritarrei gutxieneko errenta bat eskaintzea. "Italiako Gobernuak badaki bere aurrekontuak hartu duen norabidea ez datorrela bat Egonkortasun Itunaren arauekin.  Erabaki gogorra izan da, baina beharrezkoa, ikusita ekonomiaren suspertzeak atzeratzen jarraitzen duela", dio gutunak.

Giuseppe Conte buru duen gobernuaren jarrerak merkatuak aztoratu ditu. Azken asteetan berriro egin du gora arrisku sariak, hau da, herrialde bateko zorrak ordaindu behar gainsaria Alemaniarekin alderatuz gero. Joan den astean 336 puntura igo zen, baina astelehen goizean 300 puntutik behera jaitsi da, inbertsiogileek ontzat hartu dutelako Moody's agentziak ez esatea Italiarena "zabor zorra" dela. Maila horretatik puntu bat gorago dago. Italiako Gobernuaren erantzunak, ordea, 300dik gora eraman du berriro arrisku saria.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.