EkoNOMIA

Bukatu dute gose greba Hiru sindikatuko garraiolariek

Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak Hiruri ezarri nahi dion isunaren aurka egiteko hasi zuten protesta otsailaren 23an, eta gizarteak orain euren eskaeraren berri baduela uste dute.

2009ko martxoaren 3a
15:39
Entzun
Hiru sindikatuko Patxi Agirre idazkari nagusiak, Miguel Angel Lekuek eta Mikel Etxebarriak gose greba hasi zuten otsailaren 23an, Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak Hiruri ezarri nahi dion isunaren aurka egiteko, eta bukatutzat eman dute protesta, helburuak lortu dituztela esanda.

Haien asmoa Eusko Jaurlaritzari "presioa" egitea izan da, Hiruk zigor hori jaso ez dezan, eta egun hauetan denetan gizartean euren eskaeraren berri ematea nahi zuten. Lortu dutelakoan daude. Sindikatuak azken urteotan egin duen lana eta sektorearen duintasuna aldarrikatzea ere izan da haien xedea.

Auzia orain dela urtebete hasi zen. Gasolioaren, inflazioaren edo Euriborraren igoeraren ondorioz garraiolari autonomoen bideragarritasuna arriskuan zegoela salatzeko agerraldia egin zuten Hiruko bi kidek Gasteizen. Egoerari aurre egiteko, garraioaren truke ordain duina eskatu zuten, eta, hori lortzeko, tarifak "gutxienez %5 igotzea" beharrezkoa izango zela aldarrikatu zuten. Lehia Zerbitzuaren irudiko, adierazpen horiek prezio jakin batzuk ezartzeko gomendio kolektiboa dira, eta, ondorioz, legeak debekatutako ekintza.

Ugarteren irudiko, jokabide horrek ez ditu askatasun sindikala eta garraiolari autonomoek modu duinean lan egiteko duten eskubidea soilik kolokan jartzen, adierazpen askatasuna bera ere zalantzan jarri nahi du. "Prentsaurreko batean esandakoagatik sindikatu bat ixteko arriskuan dago". Zerbitzuak Hiruren ekintza "larria" dela ondorioztatu du, eta 500.000 eta hamar milioi euro bitarteko isuna jartzeko eskatu dio auzitegiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.