Mugikortasun, gertutasun eta autozerbitzu kontzeptuak uztartu nahi ditu Kutxabankek bulegoetan. Donostiako Arrasate kalearen 12. zenbakian zabaldu du gaur goizean finantza erakundearen "bulego abangoardistena". Bi solairuko bulegoan hogei kudeatzaile komertzialek eta adituk egingo dute lan, 8.000 bezero inguruk osatutako zorroa artatzeko.
Formatuz eta itxuraz bulego berezia da. Pantaila handiak eta tabletak aurkituko ditu bezeroak sartuaz batera. Bezeroa kudeatzailearengana joan beharrean, kudeatzailea bezeroarengana joatea da Kutxabanken asmoa. Instalazio berrian urtean 200.000 bezero inguru artatzea espero dute, gehienak (%85) bulegoko autozerbitzu guneetan (kutxazainetan, online bankan edo banka mugikorreko terminaletan). Baina zuzeneko arreta jasotzeko aukera ere izango dute bezeroek: aurretiaz zita eskatuta, edo bulegoan bertan check-in edo erregistro birtuala eginda. Pantaila batean bankuko txartel edo NAN zenbakia sartuta erregistratuko da bezeroa, eta kudeatzaileak jakingo du zein bezero dagoen bertan eta zer operazio egin nahi duen. Horrela, kudeatzailea bera joango da bezeroarengana, biak bilera gune konfidentzialago batera joateko, Kutxabankek azaldu duenez.
Gaurko irekitze ekitaldian izan dira Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonoimkoko sailburua eta Javier Garcia Lurueña Kutxabankeko kontseilari delegatua, besteak beste. Garcia Lurueñak azaldu duenez, "gizartearen ohitura berriei egokitzeko ahalegina" da Kutxabankek egin nahi duena. "Gure bezeroak gero eta independenteagoak dira, autonomoagoak eta trebak teknologia berrien erabileran. Baina aholkularitza aditu onena eta konfidentzialena ere nahi dute, eragiketa garrantzitsuak egiterakoan".
Donostiakoa eredu berriaren lehen froga dela azaldu du Garcia Lurueñak, eta asmoa dela aurrerantzean bulego eredu berria Kutxabanken sarean hedatzea.