Areatzan letra gorri handiz jarri dute eta nago burtsak zenbaki gorri txikiz erantzun nahi izan ziola. Gabonetako erosketa oldearekin bezala, burtsak ere gertaerak aurreratzeko nahia edo joera du. Aurrikuspenak dira nagusi eta 2005 gertu ikusten du askok. NDF munduko ekonomiaren hazkuntza aurrikuspena murrizten ari delarik (%4,3tik %4ra), etxebizitzen salmentak Espainian balazta sakatu duelarik eta euroak sendo jarraituz, 2005 oso ona izango denik ezin da erraz esan. Repsol-YPFk (+%0,73) Venezuelan gasa topatu duen arren, Alemanian Deutsche Bankek hiru mila langile kaleratu nahi dituela eta Arcelor bide berean dabilela ere jakin genuen atzo. Galerak, hori bai, Santanderrek (-%1,32) eragin zituen batez ere. Bere akzioa 9 euroan dago, baina akzioen %4 berrerosteko egitasmoa ere indarrean dute. Inditex (+%2,33) izan zen atzoko izarra.
-Euskal Herrian nahiz Espainian lantegiak dituen Arcelor (+%1,9) altzairugileak, egun dituen 15.000 lanpostuetatik 1.000 murriztuko ditu lurralde horietan 2006. urtera bitartean. Asturiasen 626 langile aurretik erretiratuko dira eta Valentzian beste 120. Mila osatu arte falta direnak ere aurre erretiroekin edo alde egindakoekin osatu nahi ditu taldeak. Egiari zor, kotizazioari begira bederen, burtsak begi onez hartu zuen egitasmoa.
BURTSA. 2005 Urte Berri On
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu