BURTSA. Bank Obama

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Barack Obamak bere agintaldia hasi duen honetan, bankarena egitea tokatuko zaio; Bank Obama moduko bat sor liteke egungo finantza sektorea nazionalizatuz gero. Sektorea gorriak ikusten ari da eta, atzo, beste behin ere, %2,57 galdu zuen Ibex-35 indizearen jaitsieraren buru egin zuen. %8,24 galdu zuen Banestok, %7,57 Santanderrek eta %5,81 BBVAk, SIBEko indize nagusia 8.300 puntuen langaz azpitik kokatzeraino; dibidenduen murrizketa aurreikusten da, noski, agintaldi honetarako. Diruak energiarantz indar egin zuen, Iberdrola (+%2,01) eta Renovables (+%1,63) lekuko. 2.216 milioiren salerosketa izan zen, kopurutxoa; baina Wall Streeteko joerak, ez zuen gure gorrian aldaketarik ezarri. Petrolio upela 33 dolarrez behera jausi da jada, eta, hortaz, ez da harritzekoa argindar enpresen poza. Eskopetak armairuan sartzeko garaia baino, garbitzeko garaia izan liteke gehiago. Baina joera aldaketa noiz gertatuko den, AEBetan zein burtsan, ikuskizun dago.



Endesa (+%0,2) BBVAren balioa gainditu zuen burtsan eta, bolada batean bederen, eutsi egingo dio: erregaia merkatu da, argindarra garestitu. Maileguen kobraketan arazoak daude, eta epe laburrenekoa ez den finantzaketa garestitu egin da bankuentzat.



Espainiako erreinuak porrot egingo duen arriskuaren estaltzeko, ziurtatu nahi den kapitalaren %1,37ko ordaina eskatzen da, egun, Credit Default Swap (CDS) finantza eratorrien merkatuan. Alemaniako errepublikarena estaltzeko, ordea, %0,55 baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.