BURTSA. Bozkatu edo bortz katu

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko urriaren 4a
00:00
Entzun
AEBetako Kongresuan aukera bi: erreskate planaren alde bozkatu edo bizirik lau edo bortz katu baino lagako ez dituen infernua aukeran. Horren aurrean, bistan da burtsak zeren alde egin duen: zergapekoek ordain dezatela akziodunen zerua edo, gutxienez, ez lurperatzea. Santanderrek %7,64, BBVAk %6,31 edo Bankinterrek %5,22 irabazi dutenerako, bozkatu eta bortz katu mesedetuko dituzte kongresukideek. Ez ordea ezezko batek bizirik lagako lituzten bortz katu berberak. Keynesenari tiraka, banku batek zor itzelak baditu, bankuak arazo bat du. Banku guztiek zor itzelak badituzte, arazoa estatuak edo zergapekoak du. Sarkozyk aipatu «konponbide kolektiboa», kolektibismo eta sozialismoa indartu baitira, azken aldian. Burtsaren soro partikularrean, ordea, 3.507 milioiren salerosketa eta Edurnezuri (+%1,94) eta Repsol-YPF (+%5,94) ere kutsatu zituen baikortasuna, AEBetako Kongresuaren ebazpenaz. Zerga eta asteburu on.



Iberia. Iberia (-%4,02) British Airwaysekin (BA) bat egiteko bidean, harri handi samar bat agertu da. Erresuma Batuko aire garraio konpainiak bi mila milioi euroren pentsio zorrak ditu bere langileekin. Gaur gaurkoz BA berak balio duena baino gehiago.



Well Fago. AEBetako Wachovia bankua Citigroupek erosi behar zuela zirudienean (AEBetako banku eragiketak, bederen) Wells Fargo bankuak aurre hartu dio eta Wachoviaren jardun osoa erosteko akordioa erdietsi dute. Txerritxoak odolki gustagarriak izanen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.