Durangoko Azokarekin bezala, burtsan ere egun oparo baten osteko ajea nabaritu zen atzo. Asteleheneko euforiarik gabe, %0,3ra iritsi ez zen igoera txiki bat izan zuen Ibex-35 indizeak eta, eskerrak, salerosketa ez zen txarto portatu, 2.462 milioirekin. Berri on bat ustekabea den garaiotan, Alemaniako Zew enpresarien aurreikuspen indizeak hobera egin zuen. Petrolioaren merkatzeak lagunduko zuen noski eta, gainera, Repsol-YPF (+%1,62) ere poztu zen. Gure indizeei, aldiz, kalte egin zien atzokoan energia sektoreak: %3na pasa galdu zuten Red Electrica eta Gas Naturalek; %2na pasa Endesa eta Iberdrolak. Grifols (-%6,26) Behekokaleko gorrian nabarmendu bazen, Goienkalen Acerinox (+%8,16) eta %3na pasa irabazi zuten Ferrovial eta Inditex ere nabarmendu ziren, berde beltzean. BBVAk (+%1,94) ere bere aletxoa jarri zuen eta %0,8na pasako igoeren autografoak sinatu zituzten Edurnezuri eta Santander erraldoiek.
Espainia. Higiezinen burbuila leherturik, 900 mila lanposturen galera aurreikusten duenik bada jada. Eta Espainiako IEE ikerketa zerbitzuen arabera, inflazioa kontuan izan gabe, %20ko balio erreal galera espero behar da etxebizitzei dagokienean.
Gas Natural. Union Fenosa (+%0,35) bereganatzeko 18.500 milioiko mailegua beharko du Gas Naturalek (-%3,55). Dagoeneko 16 banku daude maileguaren zati bat onartzeko prest, baina 25-30 beharko direla uste da. Burtsan 9.000 milioiko baliora ez da iristen Gas Natural.
BURTSA. Durango osteko ajea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu