EBZk interes tasak %2,5era jaisteak egoeraren larritasuna argitzen du. Petrolioa ere azken lau urteotako mailarik txikienean da, 46 dolar upeleko; aurtengo uztaila ez al zen, 147 dolarrean zebilelarik? Merkatua hil da, eta, Laboaren errautsak Agiñan nola, Trichet errautsak baino ez direna haizatu nahian dabil. Oraingoz alferrik edo, gutxienez, berandu. Ezinean dabiltza gure indizeak: langabeziaren inguruko kezka maximotan dabil, Espainiako CIS inkestaren arabera; Bruselak berak, bi urtean hiru milioi langabetu gehiago espero ditu Europan. Giro horretan, aldakortasunik ez zen falta izan, baina akzio txikienetan batik bat: %5 pasa galdu zuen Iberiak eta %3na pasa Sacyr, Enagas nahiz Gas Naturalek. Accionak (+%7,15) Endesan (+%2,47) duen partaidetza sal diezaioke Eneli eta majo ospatu zuen. Inditexek %4,02 irabazi zuen, eta banku handiek %1na pasa galdu. 2.411 milioiren salerosketa izan zen; azkenaldian dabilenerako, dexentekoa.
Kaleratzeak. Kaleratzeak sektore eta herrialde gehienetan ari dira ugaritzen. Hiru adibide: AT&T telekoak 12.000 (langilegoaren %4) lagun kaleratu nahi ditu; Japoniako Nomura finantza enpresak 1.000 Londresen eta Credit Suisse bankuak beste 5.300.
Metrovacesa. Enpresaren %65 Sanahuja familiarenbanku hartzekodunen esku gelditu zenean (%54,75 familiak emanda, gainontzekoa akzioak azokan erosita) %2 egin zuten gora akzioek, 51 eurora. Zenbaitek dion lez, etxebizitzak %30ez ote dira jaitsiko...
BURTSA. Errautsak haizatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu