Piper entzutetsuak, ukalondo autonomoak, teknologiaren batbateko matxinadak, SAren suspensezko kolpea... Eusko Legebiltzar ordez Ezusteko Legebiltzar bihurtzeko bidean da kaletar xumearentzat. Suspense guztia legebiltzarrak bereganatu zuen, burtsan behinik behin ustekaberik ez baitzen izan. Hiru urte eta hiru hilabete ondoren,Ibex-35a 2001eko irailaren 11 aurreko balioetara ailegatu zen atzo: 9.080 puntu. Aurreko eguneko gabon-kanta abestu zuten: sos gutxi eta euroa garesti. Albisterik ezean, urteko ispiluari begiratu zioten inbertsiogileek, eta bertan islaturik ikusi duten zifrak aurreikuspenak gainditu ditu: %17,36 egin du gora, Europako indize nagusiak baino ia hiru aldiz gehiago. Zeltia (-%1,3) eta Red Electrica (-%0,9) burumakur atera dira Ibex-35etik. Sacyr Vallehermosok (+%3,1) eta Telecincok (+%2,5) hartu dute lekukoa.
-Amadeus (+%7,38) bidaia erreserben enpresa aparra bezala igotzen ari zen atzo goizean komunikabide alemaniar batek Carlyle eta Citigroup Venture Capital arrisku kapitaleko sozietateak enpresa erosteko eskaintza prestatzen ari direla argitaratu ostean. Akzio bakoitzeko 8,25 euroko prezioa eskaintzeko asmoa dute, baina Iberia, Air France eta Lufthansa akziodun nagusiek ukatu egin zuten informazioa. Azkenean, %7ko igoera izan zuen.
BURTSA. Ezusteko Legebiltzarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu