Euskaraz hitz egitea absurdoa bada, zer ez da izango burtsaz euskaraz hitz egitea. Diruak ingeles egiten du eta botere politikoak gaztelera edo frantsesa. Bada Espainian urtearteko KPI %3,5 izan da apirilan. Matematika (kezkagarri) hutsa. Gure absurdoan temati, atzo ohiko merkatuan izandako 1.493 milioi euroren salerosketari erreparatu beharko. Indizeak ez zuen Wall Streetengan argimutil egokia topatu: Nasdaq-a gora eta Dow Jones behera mugitu baitziren.
Aldaketa handienak dibisen merkatuan gertatu dira azken egunotan, euroa 1,26 ingurura ahuldu baita dolarrarekiko, AEBetako azken datuak medio. Gorrian Arcelor (-%2,26) nabarmendu bazen, beltzean Sacyr (+%2,2), Telecinco (+%2,21) eta Santander (+%1,65) izan ziren nagusi. 9.200 puntuei heldu die Ibex-35 indizeak. EBZren aldetik ez da epe laburrean interes tasaren igoerarik espero. Absurdoa litzateke hori ere.
-Txerritxoehiztariek eskopeta beti prest izaten dute Jazztel (-%0,79) telekomunikazio enpresari tiratzeko. Aurtengo lehen hiruhilekoan 25,3 milioi galdu ditu, ordea, iazko 18 milioiak baino %35 gehiago. Garesti dago kurrinka.
-COrtefiel(-%0,54) Erosteko Eskaintza Publikoz bereganatzeko asmoa du CVC Capitalek. Bezperan %13 igo zen akzioa. Erosteko asmoa duen beste norbait ere egon litekeela uste du, ordea, merkatuak.
BURTSA. Gure absurdoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu