BURTSA. Haika, mutil

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Mikel Laboaren heriotzaren egunean, jaiki ezinik ibili ziren indizeak. Txoriak txori eta txerritxoak txerritxo, akzio azoka ez dabil bere betean, eta argirik den mira beharrik ez da. %7na pasa galdu zuten Gas Natural, Gamesa eta Iberdrola energia enpresek; surik baden mira beharrik ez. Ia %4,5 galdu zuen Ibex-35 indizeak berak eta kanpoan elurrak lurra zuriz nola, salmentek gorriz tindatu zituzten indizeak. Bi banku handiek ere %6na pasa galdu zuten eta, orain ere, salerosketa bi mila milioiz azpitik mugitu zen. Aspalditik itoak behar dute, bai salerosketak bai indizeen indarrak. EBZren interes tasen hurrengo jaitsiera %1ekoa izanda ere, konfiantzaren ihes beteak zilegi dirudi egungo egoeran. Etorkizuneko mozkinen loredia idorrak ez du maitale askorik. Ura, denbora eta pazientzia beharko dira. Edurnezurik (-%2,33) ere ez zuen irribarrerik egin atzo. Akzio txikiagoetan, ordea, Arabako Vidrala (+%3,24) eta Nafarroako Viscofan (+%0,75), kasu, portatu ziren.



Itinere.Itinere (+%13,35) burtsaratu ezinda, Repsolen (-%5,92) salmenta trabatuta, zorra gutxitu beharrean zen Sacyr (+%0,79). Azkenean, Citigroupen azpiegitura filialari saldu dio Itinere eta %100 bereganatzeko erosteko eskaintza publiko bat (EEP) egin beharko du AEBetako enpresak, akzioko 3,96 euroan. Aurretik, Kutxak Itineren zuen %2,19ko partaidetza Sacyrri 9,49 euroan saltzeko aukera baliatu du; BBK eta Vitalek aldiz Itinereren %8,34 jasoko dute Sacyrrengandik, eurek zuten saltzeko aukeraren ordain. Eta AP-68 autopista, Abertisen (-%4,08) esku geldituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.