Jorge Oteiza bizi balitz finantza merkatuak kaka zaharra direla ondorioztatua zukeen. Alde batera espazio hutsaren hezurmamitze perfektua diren arren (udaletxeko oboidearen ildotik), arima eskas eta zurrumurru ugarien fruitu gorabeheratsua baino ez da indizeen emaitza. %1,5 galdu zuen atzo Ibex-35 indizeak, zenbait enpresen mozkin berriak uste baino eskasagoak direlakoan. Errealitatea harria bezain gogorra da, eta Caja Madriden emaitzak %11ko jaitsiera batekin zizelkatu ditu berankortasunak. 3.173 milioiren salerosketarekin, %2 pasa galdu zuen BBVAk (Argentinako pentsio funtsen nazionalizazioaren berriagatik, akaso), %1,7 inguru Santander, Bankinter eta Edurnezurik. Iberiak (+%6,78) hegan jarraitzen du eta Tecnicas Reunidas (+%4,86) izan zen eguneko beste izarretako bat. Abertis (=) eskultura bat bezain geldirik paratu zen; 19 akziok behera egin zuten eta gainontzeko 15ek, gora. Oteiza handiaren inguruan bezala, hemen ez da ahobatekotasunik.
Dolarra. Dolarra azken urte eta erdiko maximoan dabil euroarekiko trukean, 1,32ren azpitik. Esportatzaileak gustora egongo dira, nazioartean zabaldu den dolar egarriaren ondorioz, baina AEBetara baino, Asia aldean bilatu behar dira merkatu indartsuak. Petrolioak ere beherantz jarraitzen du (68,5 dolar Brent upeleko) eta Espainiako Sebastian industria ministroak findegi eta banatzaileei kontuak eskatu dizkie erregaiaren merkatze ahulaz (hitzetatik ekintzetara pasatzea falta du). Euriborrak ere beherantz jarraitzen duenez, gaitzerdi.
BURTSA. Hausnarketak tunelean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu