Bi mila eta bederatzian galerak dituela itxi zuen atzo burtsak, Kafe Antzokiarekin Bilbori gertatu bezala. Hemen udala arazo bada, han bankuak eta eraikuntza enpresak izan ziren: berankortasuna, kaudimen arazoak eta Santanderren (-%3,36) kasuan, Madoff iruzurraren berri noiz jakin ote zuen ikerketa. Bolsas y Mercados, BBVA eta Sacyr ere %3 pasako galeretan murgildu ziren, hala ere. Irekiera positiborako esperantza badagoelako, ordea, Grifols eta Abengoak %3na pasa irabazi zuten. Europa gure antzeko agertu zen, ordea, bankuei loturiko galeretan eta ING eta Aegon aseguru etxeak, %6na pasa galdu zuten, %3,93 Unicreditok. Fortisen (+%14,93) kurrinkak, ahularen txiliotik izan zuen asko. Algara egiteko aukera gutxi, beraz, atzoko saioan eta Edurnezuri (-%1,51) geroz eta erraldoiago da gurean: 2.213 milioiren salerosketak argi utzi zuen zenbat garen; asko eta aski, alegia. Bihar Trichet alkateak zer esango gelditu beharko.
Kezkak. Nikkein Sony dute kezka, Munduko Ekonomi Foroan Txina eta krisi fiskala. Citigroupek banka komertziala babestu nahi du, Bernankek zalantzak ditu Obamaren planaz eta Trichetek lan handia egin behar dela dio. Kezkak asko, orkestra zuzendari bat falta.
Lidertza. Santander urtetan izan dainbertsio funts kudeatzaile nagusi. Sektoreak duen ondare jaitsiera nabarmenarekin, BBVAk aurre hartu dio,askoz txikiagoa den negozioaren lidergoan. Txikien arteko handiena izan edo handien arteko handiena, bada alderik.
BURTSA. Itxiera gogorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu