Islandiako Gobernuak dimisioa eman du bankuen krisia medio, eta krisilandian (gurean), Herbereetako Gobernuak ING babesteak -1.000 milioi galdu eta 7.000 lagun kaleratzea erabaki ostean, arrisku hipotekarioen zati handia bere gain hartu du- eta Barclaysen emaitza onek (5.000 milioi libera pasako irabaziak), bankuen akzioak sustatu zituzten. S&P rating agentziak Espainiakoentzat emaitza txukunak espero ditu, tartean BBVArentzat (+%5,43). Santanderrek, kasu, %5,79 irabazi zuen eta %7na pasa irabazi zuten ACS eta Popularren akzioek ere. Izozmendi arriskutsuenak saihestu ostean, guztien buru, Titanic hondoragaitz gisa, Edurnezurik (+%0,61) jarraitzen du. Musika entzuten da Tecnicas Reunidasen (+%4,95) ontzian, Arabiar Emirerrietako 1.300 milioi dolarreko azken kontratua lagun. Krisilandian, gobernu eta bankuek pisua dute oraindik.
Eurostoxx-50 (+%3,67) indizeko finantza akzioen igoera ikusgarria izan zen atzo: Aegon (+%21,74) eta ING (+%27,75) adina ez, baina Credit Agricole eta BNP Paribas ere %16na pasa igo ziren, azken horrek 2008ko azken hiruhilekoan 1.400 milioi galdu arren. SocGen (+%11,03) eta Deutsche Bank (+%7,04) ere, majo. Finean, finantza sektoreko akziodunek azken urtean jasan duten danbateko itzelaren ostean, bi aukera nagusi daude: 1) Sektorea hondoratzen laga Gobernua kapitain jarriz; 2) Sektoreari esku pribatuetan eutsi, kontrol publiko handiagoz.
BURTSA. Krisilandian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu