Athleticeko bazkide batzarragatik edo Erreserba Federalaren jaitsieraren zain, gutxi izan ziren atzo tiroka jardun ziren txerritxo ehiztariak. 1.385 milioiren akzioak baino ez ziren salerosi Ibex-35eko akzioetan eta merkatua merke ikusi zuten, itxura denez, atzokoan: 144 puntu irabazi zituen Ibex-35ek (+%1,59), Europan igoeren buru egin eta %2na pasa irabazi zuten Pariseko CAC-40 eta Stockholmeko OMXen ostean. 144 puntu horietan, Santanderrek (+%2,75) eragin zituen 41, eta Edurnezurik (+%1,12) 24. Egoitza soziala Euskal Herrian duten Iberdrolak (+%2,61) eta BBVAk (+%2,14) 21 eta 19 puntu, hurrenez hurren. Dolarrak eskuratzea Japoniako yenak eskuratzea bezain merke izango da laster, baina asko ote dira dolarrak zorretan hartzera abiatuko direnak? Enpresei finantza zama arintzearen botika, bistan da, iritsiko zaie eta, gaudenean, ez da gutxi. Igoera handienak, txikien artean izan ziren: %4na pasa Popular eta Mapfreren kasuetan.
BME.BMEko (+%2,64) buru Antonio Zoidok egoera ekonomikoaren larritasuna aitortu ez ezik, burtsak eskaini duen likidezia ere azpimarratu du. Bistan da egunero prezioak eskaintzen dituelaSIBEk akzio guztiz gehienentzat, baina zenbateko fidagarritasuna dute preziook, ikusitako gorabeherak ikusita? 1991n sortu zenetik izandako jaitsiera handiena izango du aurten Ibex-35 indizek. Baina etxebizitzekin, basoekin edota beste hainbat finantza produktu konplexurekin ez bezala, noiznahi salmenta prezio bat ezagutzeko abantaila ukaezina du.
BURTSA. Merkatua merke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu