Espainiako errege-erreginen argazkiak erretzeagatik gazte kataluniarrei zigorrak arindu dizkietelako edo, negatiboak (kotizazioen jaitsierak) erretzeari ekin zioten, azkenean, txerritxo ehiztariek. Europako erregetza lortu zuten gure indizeek %9,42ko igoerarekin. Santanderrek %14,33 eta BBVAk %13,95 irabaztea ez da egunero ikusten den argazkia; baina Gas Natural, Gamesa edota Repsol-YPF ere %12ko igoeren bueltan ibili ziren. Aldakortasuna itzela da eta pixel ugari ditu burtsaren eguneroko argazkiak. Erreserba Federalak ere %1era jaitsi ditu interes tasak eta sua gasolinarekin itzaltzen ari ote den ikuskizun dago. 3.799 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35eko akzioetan eta ez da ehiztarien fiskal batek eskatu lezaken maximoa, bistan denez. Edurnezurik ere %10,76 irabazi zuen, argazkietan eder agertzeko moduan. Argazki mugituetan, Allianz (%26) eta Siemens (+%24) nabarmendu behar.
BBVA. Bezperan Santanderrek bezala, BBVAk ere mozkin arrunten hazkundea plazaratu zuen atzo: %9,1ekoa urteko lehen 9 hilabeteetan. Horrez gain, dibidenduen proportzioa mantentzea eta Espainiako Gobernuaren babes neurriak aztertuko dituela esan du.
Fed. Dow Jonesek ez zuen aparteko pozik erakutsi Bernanke eta enparauen azken interes tasen jaitsierarekin. Nolanahi den, familia amerikarren zorpetzea eramangarriago egitea nahiko du Erreserba Federalak. Diru merkeegiaren gehiegikeriak, ordea, ez ditugu burutik kendu berri.
BURTSA. Negatiboak erretzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu