Andolin handiak Orhiko mendirantz urratsez urrats utzi zigun. Urratsez urrats Ibex-35 ere 8.000 puntutan duen bere «Orhi»ra itzuli nahian dabil. Urrats polita eman zuen atzo, urteko igoerarik handienarekin, Eguzkitzari agur esan nahian edo. SCH eta Telefonicak %2na pasa irabazi zuten, %1,8 BBVAk eta, uste baino emaitza hobeak aurrikusi dituen Inditex arropagileak, %13,11. Hori guztia, 1.950 milioi euroren salerosketa lekuko zela.
JPMorgan inbertsio bankuak bi banku handien gaineko gomendioa hobetu du eta FBIk erregai enpresei eraso terroristez emandako abisuak ez zuen gurean eragin: Repsol-YPFek (+%0,49) ere irabaziak izan baizituen. EBZk interes tasak jeitsiko ote dituen ustea dabil eta horrek dirua are gehiago merketuko luke. Gamesak %4 pasa edo Enagas nahiz Endesak %2na pasa irabazita, Orhi geroz eta gertuago dago. Lehen hiruhileko mozkinak ikusi beharko.
-La Caixa aurrezki kutxak Espainian beste inork baino industria partaidetza handiagoa du. Telefonicaren %1,5 gehigarri bat erosi berri du eta, dagoeneko, Edurnezuriren %5 pasa berea du Kataluniakoak. Ez da txantxa.
-Arcelor (+%5,03) altzairugilea asko igo zen atzo, Luxenburgen mila langile kanpora ditzakela dioen zurrumurrua ukatu gabe. Le Soir Beljikako egunkariak aurreratu zuen berria.
BURTSA. Orhiko mendirantz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu