Otegi ez da ZPren solaskide, ezta gure KPI Bilbao indizearena ere. Atzo jakinarazi zen datu makroekonomikoak, Espainiako eta Hego Euskal Herriko prezioen bilakaerak, garrantzi itzela zuen burtsan duela zenbait urte. Gaur-gaurkoz ordea, enpresen nazioartekotze prozesuaren eta eurogunearen sorreraren ondorioz, adierazle makroekonomiko horrek ez du solaskide legez balio. Egun zozoa, beraz, burtsan: galera txikiak nagusi egun osoan, azken orduan Wall Streetek pixka bat txukundu zituelarik. Indizeak ez du oraingoz bronkitisik, baina eztul txikiak egiten dituela nabarmena da eta urtebeterako Euribor indizeak egun batzuk badaramatza jada %3tik gora. Salerositako bolumenak ere ozta-ozta gainditu zuen 2.000 milioi euroren langa, ohiko merkatuan eta Ibex-35eko akzioetan. Hiztunena, atzo, Acciona (+%1,44) izan eta egur gehien isilik jaso zuena, aldiz, Sogecable (-%2,72).
- SUEZ (+%5,04) bereganatzeko asmoan ez du etsi Italiako ENIk (+%0,51) etaTremonti ministro italiarrak aurre egin nahi dio Gaz de Francerekin bat egiteko Eliseoak duen asmoari. Guda ekonomikoa martxan da. Hala eta guztiz ere, duela urtebete 20 euroan zen Suezen akzioak maximo berria jo zuen atzo, 35,84 euro eta, beste horrenbeste CAC-40 indizeak, 5.117 punturen mailaraino igo baita, 2001eko abuztutik izandako altuena.
BURTSA. Solaskide gabezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu