Katuak baino, txerritxoak izan ziren atzo, bezperako igoera ahozabalik ospatu zutenei mihia jan zietenak. AEBetako agentzia hipotekarioen erreskate eman behar izateak, ezin du inor lasai utzi. Finantza sektoreak behera egin zuen atzo eta, inbertsio handiak eta epe luzekoak eskatzen dituzten eraikuntza eta energia sektoreak ere, hor nonbait. Inditex, Sacyr, Tecnicas Reunidas eta Gamesak %6na pasa galdu zuten; Repsol-YPFk %4,87. Geldialdiaren mamuak mutu laga ditu hainbat inbertsiogile. AEKn izen emateko baino adore handiagoa behar da, atzo inbertsiogileek egin bezala, 3.150 milioiren akzioak mugitzeko. Enbata giroa dabil eta Solbes ministroak atzeraldia eta interes tasen jaitsiera aipatzen ditu jada. Interes tasen jaitsierak, ordea, ez du ezkurrik jan gabeko txerririk gizentzen. Madrilen jai eguna izateko, salerosketa bolumena altutik mugitu zen. Bistan da, txerri mihijaleokin, oporrik ere ezin dela hartu.
Defizita. Aurten 400.000 milioiren defizit publikoa gaindituko dute AEBek. Eta agentzia hipotekarioen erreskatean xahutu beharko dutena kontuan hartu gabe, gainera. Dolarrari ihes egiteko nahikoa motibo bada, asko ausartu ez arren.
Lehman Brothers inbertsio bankua erostekotan zebilen Korea Development Bankek atzera egin du. %40 amildu zen banku entzutetsuaren akzioa Wall Streeten. Sona handiko izen edo markaren atzean, dauden aktiboek zenbat balio duten da gakoa.
BURTSA. Txerri mihijaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu