Zubiaurreren kontuak futbolean eta zubi aurrekoak Bizkaian. Ibex-35 indizeak lan egingo du astelehenean, nahiz Bilbon jai eguna izan. Atzo ia 2.000 milioiren salerosketarekin ospatu zen AEBetako kontsumitzaileen konfiantzaren indartzea eta euroaren ahultzea. Bezperan eta atzo Wall Streetek behera egin arren, goiari eutsi zion geureak. Zubi aurreko kontuak, zubi gaineko bihurtzen ari ote dira ? Alegia, urteko maximo berria zubi bihurtu eta bertatik jauzi egitekotan ote dira indizeak? Etxebizitzarekin batera, diru merkeak burtsako kotizazioak ere laguntzen ditu. Kontsumoa indartsu dabil eta atzo Abertis nahiz Indra %2 pasa igo ziren, %1,25 igo zen Santander eta %1,44 estrainekoz Ibex-35 indizean zen Cintra. Martxan doan trenetik ere, garaiz jauzi egiten ikasi behar da. Ahal dela, trena zubian ez dagoenean. Iban Zubiaurrek egin duen lez. Akaso.
-LA CAIXAK Endesan (+%0,48) zuen %5eko partaidetza, %2,03ra murriztu da bono trukaketaz. Kontabilitate arau berriek eta Basileako kapital akordio berriak, finantza erakundeen partaidetza industrialak zailtzen ditu.
-VIDRALAREN (-%0,48) akzioak 15 salerosketa egun jarraian zeramatzan irabaziekin. Atzo eten zuen martxa, 0,1 euroko dibidendu gordinaren berri ematean. Maiatza bitartean %45 hazi dira bere salmentak.
BURTSA. Zubi aurrea eta zubi gaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu