Finantzak. Finantza sistema indartzeko plana

Burtsan kotizatzen hasi nahi duten kutxek urtebeteko epea izango dute

Sektoreari kasu egin eta akzioak jaulkitzeko epemuga sei hilabetez luzatu du Ekonomia Ministerioak, baldintza batzuekinAgintarien ordaina mugatu behar dute nahikoa kapital ez duten erakundeek

Ivan Santamaria.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Urte oso bat hartuko du finantza sektorea indartzeko prozesuak, azkenean. Sektoreak, eta, batez ere, aurrezki kutxek egindako eskaerak aintzat hartu ditu Espainiako Ekonomia Ministerioak, eta aldez aurretik iragarritako epeak malgutzea erabaki du. Hasiera batean, kaudimena sendotzeko neurri guztiak irailaren 30erako hartu beharko dituzte bankuek eta kutxek, baina Espainiako Bankuak aukera du atzerapenak onartzeko. Kapital bila burtsara atera nahi duten finantza erakundeei 2012. urteko martxora arteko tartea utziko die gobernuaren dekretuak.

Finantza sistemako eragileen gutxieneko kapital betebeharrak gogortuko zituela iragarri zuen Espainiako Gobernuak urtarrilaren 24an, nazioarteko merkatuetan horien kaudimenari eta fidagarritasunari buruz dauden zalantzak uxatzeko helburuarekin. Jakinarazpenak galdera asko utzi zituen airean, eta, harrezkero, ia hilabete oso bat atzo aurkeztutako lege dekretua orrazten eta sektorearekin eztabaidatzen igaro du ministerioak.

Zalantza gehienak aurrezki kutxen egoerak sortu ditu, bi alorretan. Lehenik eta behin, oinarrizko kapitala kalkulatzeko orduan nolako elementuak hartuko ziren kontuan ezagutu nahi zuten. Bigarrenez, egutegia gehiegi ez estutzea galdegin dute. Esaterako, burtsara aldi berean ateratzeak arazoak sortuko lituzke inbertsioak erakartzeko. Era berean, kapitala oso azkar lortu ahal izateko aktibo preziatuak balio dutenaren azpitik saldu behar izateak kezkatzen zituen.

Azkenean, bi maila ezarri ditu gobernuak, espero zenez. Oro har, oinarrizko kapital ratioak %8tik gora egon beharko du finantza erakunde guztientzat. Ehuneko horrek bi puntu handiagoa izan beharko du —%10— handizkako merkatuetan finantzaketaren %20 edo gehiago lortzen duten erakundeentzat edo jabetzaren %20 baino gutxiago beste inbertsoreen eskuetan ez dutenentzat. Gobernuak ez du eskaera izaeraren arabera jarri —banku edo kutxa—, baina bi baldintza horiek kutxen nortasunarekin bat datoz, batez ere jabetzari dagokiona, burtsan kotizatzen ez duten erakundeak direlako.

Oinarrizko kapitalaren barnean ohiko elementuetatik aparte —kapitala eta erreserbak— FROB Bankuak Berregituratzeko Funtsak emandako finantzaketa zenbatu ahalko dute, baita 2015. urtea baino lehen akzio bihurtzeko aukera ematen duten bonoak ere. Kapital eskaerak 2013an indarrean sartuko den Basilea III arauari jarraitu dio. Oinarrizko kapitala edo core capital ratioak erakundearen kaudimena neurtzen du. Kalkulatzeko finantza aktiborik onenak biltzen ditu, eta hartutako arriskuekin alderatzen dira. Zenbat eta ehuneko handiagoa izan, hainbat hobe.

Kapital eskaera berriak martxoaren 10ean sartuko dira indarrean. Ordurako ezarritako muga gainditzen ez duten erakundeek bi aste izango dute betebeharra lortzeko estrategia eta egutegia aurkezteko. Estrategia horren barnean FROB funtseko dirua eskatzea aurreikusiz gero, kapitalizazioa handitzeko plana aurkezteko hilabete bat izango dute. Espainiako Bankuak izango du Estrategia horiek onartzeko edo aldaketak sartzeko ardura.

Iragarritako neurri guztiak irailaren 30a baino lehen martxan izan beharko dituzte bankuek eta kutxek. Lehen sei hilabeteetako datuekin, horien egoera berrikusikodu Espainiako Bankuak. Tramiteren bat falta bazaie baina kapitalizazioa handitzeko proiektutik funtsezkoena martxan balego, Espainiako Bankuak hiru hilabeteko luzapena emateko eskumena luke.

Estrategia horren barnean erakundearen jabetzaren parte bat edo guztia burtsara ateratzeko asmoa izanez gero, luzapen horrek 2012. urteko martxoaren 30 arte iraun lezake. Baimen hori eskuratzeko urrats batzuk aldez aurretik egin beharko ditu hala nahi duen kutxak edo bankuak: batzar orokorrak jaulkipena egiteko akordioa onartzea, proiektuaren egutegi zehatza finkatzea, eta burtsara ateratzeko prozesua gidatuko duten erakundeei agindua emanda egotea.

Kreditua murriztu gabe

Aurtengo martxoan kapital betebeharren azpitik geratzen direnei ohar argia igorri die Ekonomia Ministerioak. Dirua aktiboen egituratik lortzen saiatu beharko dute. Hots, desinbertsioak egin beharko dituzte, parte-hartze industrialak saldu, eta antzekoak, betiere kutxaren edo bankuaren kreditu eskaintza eraginkorra murriztu gabe. Aurrezki kutxen zorroan konpainia garrantzitsu ugariren akzioak daude. Hori bai, Salgadok ziurtatu zuen dekretuak ez dituela horiek saltzera «behartuko».

Kutxei dagokienez, kapital betebeharren azpitik geratzeak izaeran ondorioak ditu. Espainiako Gobernuak diruz lagunduko ditu, baina horretarako banku bihurtu beharko dute, FROB funtsak soilik akzioak erosiko dituelako. Aktiboak banku batera aldatzeko hiru hilabete izango lituzke kutxak. Asko jota bost urtez izan ahalko ditu FROBek akzioak. Parte hartutako erakundeak lehen bi urteetan jabetza hori berriro erosteko aukera du, merkatu prezioetan. Bestela, inbertsiogile pribatuei salduko zaie.

Finantza sistema indartzeko plana ez dela behin-behinekoa izango ohartarazi zuen Salgadok, eta indarrean jarraituko du. Hala, etorkizunean bankuren edo kutxaren bat kaudimen betebeharren azpitik geratuko balitz, hainbat neurri hartu beharko lituzke. Besteak beste, erakundeko agintarien ordaina eta dibidendu banaketa mugatu beharko lituzke, eta akzioak berrerosteko edozein prozesu gelditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.