Bilboko burtsa aukeratu du Dominion konpainiak ohiturari jarraituz kanpaia jo eta kotizazioari hasiera emateko. Cie Automotiveren filialak jabetzaren %35 jarri du salgai inbertitzaile instituzionalen artean, eta 150 milioi euro bildu ditu eragiketarekin. Akzio bakoitzaren prezioa 2,74 eurotan ezarri da, eskaintzan aurreikusi ziren kopuruen azpiko tartean.
Dominionek digitalizazioan oinarritutako teknologia eta injeniaritza zerbitzuak eta irtenbideak ematen dizkie beste enpresei, industria, energia edo zerbitzu alorretan. Pasa den urten 525 milioi euroko salmentak izan zituen. Burtsaratzeari esker, kopuru hori bikoiztea bilatzen du orain. Lau urtetan lortu nahi dute hori. "Euskal multinazional txikia izango gara, anbizio handia duena", zehaztu du Anton Pradera Cie Automotiveko eta Dominioneko presidenteak.
Lortutako kapitalarekin zer egin nahi duten argi dute. 50 milioi balantzea indartzeko erabiliko dituzte, horren bidez enpresaren kaudimena hobetzeko. Beste 100 milioi euro erabili nahi dituzte konpainia osatzeko beste enpresa batzuk erosteko. Honezkero, hiru dituzte jopuntuan, eta urtea amaitu aurretik bereganatzea posible ikusten dute. Hiru erosketa horiek 180 milioi euroko fakturazioa gehituko liokete Dominioni.
Inbertitzaile instituzionalen artean, batez ere, "Espainiako inbertsio funts handiak" erakarri dituzte. Londresen ere bilatu dituzte ekarpenak. Ehun bat inbertitzaile posiblerekin bildu dira, eta 71k dirua jartzea erabaki dute. Konpainiako jabetzaren gehiengoari eutsiko dio Ciek, %50 pasatxorekin. Akzioen beste %35ek burtsan kotizatuko dute, eta gainerako %15 enpresako zuzendarien eta hurbileko inbertitzaileen artean banatuta dago.
Pasa den urteko uztailean atera zen burtsara Euskal Herriko azken enpresa, Euskaltel, zuzendaritza taldearen gainsartiek sortutako zalaparta handi baten erdian.