Bilboko burtsa %10,51 igo zen, ostiralean galdutako %8,83ren gainetik. Hortik gorako irabaziak izan zituzten hainbat merkatuk: Milanek %11,49 irabazi zuen, Frankfurtek %11,40, Parisek %11,18, Eurostoxxek %11 eta Madrilgo Ibexek %10,65. Burtsa horietako batzuentzat inoizko igoerarik handiena izan zen, Ibexentzat esaterako.
Edonola ere, azken 12 hilabeteotan sekulako galerak izan dituzte burtsek: Londresek %34,07 galdu du, Frankfurtek %37,25, Parisek %37,10 eta Madrilek %34,43. Joan den astean batez beste %21 jaitsi ziren Europako burtsak.
Atzoko igoera zertxobait apalagoa izan zen Londresen -FTSEk %8,26 soilik irabazi zuen-, diru publikoa jaso behar duten bankuek nabarmen egin zutelako behera: Halifax-Bank of Scotlandek ia %28 galdu zuen, Lloyds-TSBk %14,5 eta Royal Bank of Scotlandek %8,4.
Gainontzeko herrialdeetan gorantz egin zuten bankuen akzioek, %8,14 batez beste. Deutsche Bankek %12 irabazi zuen, %14,8 Commerzbankek, %27,9 Credit Suissek eta %39,95 Hypo Real Estatek.
Autogintza sektoreak %9 egin zuen gora. Finantza krisiak bete-betean harrapatu ditu auto egileak, herritar asko ibilgailua erosteko mailegurik gabe utzi dituenez salmentak asko gutxitzen ari dira eta.
Egoera larriagoa da Atlantikoaren bestaldean, eta Detroiteko hiru handien arteko bat-egiteak berriro mahai gainean daude. Atzo General Motorsek eta Fordek %20tik gora egin zuten, fusio zurrumurruek bultzatuta.
Mosku salbuespena
Igoera are ikusgarriagoa izan zuten Morgan Stanley bankuaren akzioek. Wall Street ixteko ordu erdi eskas falta zela %87 ari ziren gora egiten, jakin baitzen akordioa lortu duela Mitsubishi UFJ Japoniako bankuarekin haren 9.000 milioi dolar jasotzeko. Igoera horrekin ere, azken 12 hilabeteotan bere balioaren %85 galdu du oraintsu arteko inbertsio bankua zenak.
Burtsen goranzko joera bi salbuespen bakarrik izan dira. Moskuko RTS indizeak beste %6,34 galdu zuen atzo eta dagoeneko %65,5 utzi du urtea hasi zenetik. Reykjavikeko burtsa itxita egon zen hirugarren egunez jarraian, Islandiako finantza sistema osoa eta ekonomia bera kinka larrian daudelako. Joan den astean uharteko hiru bankuak nazionalizatu zituen Gobernuak.
Berria pozik hartu zuten gobernuek eta banku zentralek, azken asteotan finantza krisiari aurre egiteko hartu dituzten neurriek burtsan oso eragin txikia izan dutela ikusita.
Hala ere, ikusteko dago atzokoa egun isolatua den edo finantza merkatuen krisiaren amaieraren lehen urratsa ote den. Azken iritzi horretakoak diraUBSko analista batzuk, eta bereziki nabarmendu dute estatuak bankuetako kapitalean sartzea. Fortiseko Philippe Gijselsek, berriz, uste du egun bakarreko igoera dela, joan den asteko egun guztietan burtsek behera egin zutelako. «Merkatuak konpontzeko denbora beharko da. Baina arazoa da finantza sektorearen arazoak ekonomia errealaren arazo bilakatu direla. Kaltea eginda dago».
Burtsa
J.B.AnduezAZorion perfektua
Lertxundiren lanean oinarritutako filma grabatzen hasi eta erabateko poza burtsaratu, dena bat izan da. Europako Batasunaren batasun irudiari egotzi beharko. Indizeetan fedea zutenek, inoizko igoera egunik handiena bizi izan zuten atzo, txerritxo ehiztarien konpainia noblean. Biziberritu, berpiztu egin ziren hainbat kotizazio, Ibex-35 indizeak %10,65 irabazteraino baina, Bilbao-2000k, 2000ko maila urrun du oraindik ere. Miraria gertatu ote da? 4.182 milioiren salerosketarekin, goranzko ihes betea obratu zuten ahobatez indizeko osagaiek. Argizariaren egunak baino, odolkienak izan ziren atzokoak: Iberdrolak %18 irabazi zuen, %16na pasa (kakotxik gabe, bai) Abengoa edota Gamesak, %12 pasa Santanderrek, %10 BBVAk edota %9 pasa Edurnezurik. Igotzeko gogoa zubi bihurtu zitzaien atzo akzioei. Kosta egiten da asteburuan gauzak hainbeste aldatu direnik sinesten. Nolanahi den, 10.000 puntuen langaz azpitik dabil Ibex-35 oraindik ere.Edurnezurik 2008-2010 aldirako bere helburuak mantentzen dituela jakinarazi du. Euriborra hilabeteko maila baxuenean da (%5,42) eta Santander bankuak Abbey National britaniarrean kapitala sendotu eta AEBetan Sovereignen duen partaidetza handitzeko asmoa agertu du. Berme eta abal publikoek egoera dexente lasaitu dutela dirudi eta Europako Banku Zentralak, bere aldetik, nahi beste dolar eta euro eskaini dizkie Euroguneko bankuei, tasa finko jakinetan, behar bezalako bermeak eskainiz gero. Normaltasuna itzultzear da; banku arteko gordailuak normaltasunera itzultzea falta da.