"Konfiantza eta leialtasun esparrua zartatzea" egotzi dio Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Aldundiari. "Finantzen Kontseiluak hamabost eguneko epea eman zion Jaurlaritzari batzordearen inguruko proposamen bat egin zezan, eta ia hiru hilabete pasatu dira. Hori ez da erakunde batengandik espero den jarrera leiala", salatu du Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak. Martin Garitano ahaldun nagusiarekin egin du agerraldia, eta gertatutakoa "larria" dela baieztatu du, "gertatu den moduagatik". Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak batzordea eratu du azkenean, baina "Gipuzkoako Aldundiak behin eta berriz gaiaren garrantzia helarazi ondoren". Dena den, adierazi du aldundiak "jarrera eraikitzaile eta zorrotzara" eramango duela bilerara, eta "arduraz" jokatuko duela.
Tratatu beharreko gaien zerrendan bi nabarmendu dituzte: BEZaren transferentzia eta Kupoaren desadostasunak. Garitanok azaldu duenez, Kupoan, Espainiak 1.000 milioi eurotik gora deskontatuko dizkie Araba, Bizkai eta Gipuzkoari, baina alde bakarretik erabaki duela salatu du, "EAEko irizpideak eta kalkuluak kontuan hartu gabe". Horrez gain, auzia "lehentasunezkoa" da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta Espainiarekin bildu dela esan du: "Prentsaren bidez jakin dugunez, badirudi nolabaiteko harremanetan ari dela gai honi buruz. Zentzu horretan argi eta garbi salatu nahi dugu EAJ Jaurlaritzan dagoenetik ez dugula inolako informaziorik jaso kupoaren desadostasunen gaian dauden aurrerapauso edo atzerapausoei buruz". Eta zentzu horretan, informazioa gainerako erakundeekin elkarbanatu beharko lukeela esan dio Jaurlaritzari Garitanok.
BEZari dagokionez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra horren igoeraren aurka agertu zirela gogoratu du: "BEZaren igoera berri bat etor daitekeen susmoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Uste dugu horrek guztiak argi uzten duela BEZaren eskumena geureganatzeko lanketa bat abiatzearen garrantzia".