LABek urrats bat haratago joan nahi du. Burujabetza politikoaren eta ekonomikoaren alde egotetik lortzeko urratsak egitera. Horretarako, elkartzeko, indarrak batzeko eta erabakiak hartzeko eskatu die alderdiei eta sindikatuei: ezkerreko alderdi abertzaleei, erakundeetarako alternatiba osatzeko; gehiengo sindikaleko kideei, berriz, burujabetzaren aldeko estrategia zehazteko.
Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak «behingoz» hitza erabili zuen behin baino gehiagotan, atzo Donostian. LABek ordezkarien batzar nazionala egin zuen Atano III.a pilotalekuan. Indarrak bilduz aldaketaren bidean pauso bat haratago izan zen ekitaldiaren leloa.
Gogoan izan zituzten atzo Eibarren (Gipuzkoa) hildako langilea, Ipar Euskal Herrian atxilotutako gazteak, euskal presoak eta duela 35 urte Gasteizen hil zituzten bost langileak. Ekitaldiaren ostean manifestazioa egin zuten, PSE-EEren egoitzaraino.
1. Alternatiba politikoa
Ezker abertzaleak bide politikoen alde egin duen apustua berretsi zuen LABeko idazkari nagusiak. «Bide demokratikoak erabiltzea egoera antidemokratiko honi buelta emateko», haren hitzetan. Bide politikoak erabiltzea indarrak biltzeko, «gehiengo berriak sortzeko eta gehiengo horrek ematen duen babesarekin eta zilegitasunarekin, aldaketa politikoak eta sozialak bultzatzeko».
Apustuaren egiatasunari buruzko zalantzak dituztenei erantzun zien prozesuak ez duela atzera bueltarik eta ez dela «beste ahalegin bat».
Aldaketak bultzatzeko ezinbestekotzat jo zuen aldaketaren aldeko eragileek indarrak batzea, alternatiba bat eskaintzea eta erakundeetan egotea: «Aldaketak erakundeetatik ere bultzatu behar dira, erakundeak aldaketaren zerbitzura jarri behar dira». «Behingoz» alternatiba bat definitzea eta apustu egitea nahi du, EAJri, PSE-EEri, PPri eta UPNri aurre egiteko. «Alternatiba abertzalea, ezkertiarra eta langileen aldekoa». Gaitasuna badagoela uste du.
«Bakea nahi dugu», esan zuen Etxaidek, baina bakea eraikitzeko eskubide guztiek indarrean egon behar dutela gogorarazi zion Espainiako Gobernuari: Sortu legeztzea; espetxe politika aldatzea; atxiloketak eta torturak baztertzea; eta eskubide zibil eta politikoak errespetatzea. LABek normalizazio politikoa nahi du, hau da, «proiektu guztiak aukera eta eskubide guztiekin babesteko eta gauzatzeko aukera ematen duen normalizazioa».
2. Gehiengo sindikala
Gehiengo sindikalak burujabetza politikoaren eta ekonomikoaren aldeko urratsak egin ditzala nahi du LABek. Bidea bultzatzeaz gain, egitea nahi du: «Goazen behingoz erabakitzera burujabetzaren aldeko sindikatuen estrategia». Plan bat nahi du, «langileei eskaintza argi bat egiteko».
3. CCOO eta UGT
Etxaideren kritika gogorrenak UGTrentzat eta CCOOrentzat izan ziren, Espainiako Gobernuak eta patronalak bultzatutako aldaketak babesteagatik. Krisiaren aurka sindikatuek aukera bakarra zutela nabarmendu zuen, «langileen alde egitea, euskal sindikalgintzak egin duena». «Bestea [CCOOrena eta UGTrena]», jarraitu zuen, «erakundeak lagun hartuta joatea, langileak saltzea da».
4. Negoziazio kolektiboa
Pentsioen erreformaren ostean, negoziazio kolektiboarena izango da hurrengoa. CCOOk eta UGTk lan ildo batzuk zehaztu dituzte, besteak beste Espainiako hitzarmenak lehenestea, autonomia erkidegoetakoen eta probintzietakoen gainetik. «Estatuko sindikatuen monopolioaren aldeko apustua» deitu zion Etxaidek, erabaki horrek indarra kenduko baitio gehiengo sindikalari Hego Euskal Herriko lan baldintzak negoziatzeko. LABek erantzuteko asmoa du, «baita lantokietan ere».
5. Produktibitatea
Soldaten igoerak produktibitatearen eta lehiakortasunaren araberakoak izatea amarru bat da Etxaiderentzat: «Inork ez du planteatu soldatak handitzea, enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko soldatak jaitsi behar direla baizik».
6. Hauteskundeak
LAB pozik ez, «oso pozik» dago hauteskunde sindikaletan izan dituen emaitzekin. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren sindikatua direla esan zuen, harro, Jabi Garnikak, idazkari nagusiaren ondokoak. Hezkuntza publikoan lehena. Hauteskundeak krisi bete-betean egiten ari dira, mobilizazioak etengabeak dira —hiru greba orokor bi urtean— eta langileek LABek hartutako bidea babestu dutela uste zuen Garnikak. Emaitza horiei balio handiagoa eman zien, LABek aukeratu duen bideak «inplikazioa eta konfrontazioa» eskatzen duelako.
Burujabetzaren alde batzeko eskatu die LABek sindikatuei eta alderdiei
Ezkerreko alderdi abertzaleek erakundeetarako alternatiba bat aurkeztu behar dutela uste du, aldaketak bultzatzekoGehiengo sindikalak burujabetzaren aldeko estrategia zehaztea nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu