Goizean goiz nabarmendu dute sindikatuak grebak Bizkaiko industrian izan duen eragina. Bustialdean, Lea-Artibain eta Durangaldean jarraipen zabala izan du, eta enpresa handi asko itxi dituzte. Gernika-Lumo esate baterako itxita dagoela esan du LABek. “Enpresa handiena, Losal, itxita dago. Horrek esan gura du gure herria ez dagoela erreformen eta murrizketen alde”, esan dio Gernika-Lumoko Hitza-ri Aitziber Barandika Lea-Artibai eta Busturialdeko LABeko arduradunak.
Cebek enpresarien elkarteak, ordea, adierazi du "oso eskasa" ari dela izaten jarraipena, %15ekoa baino txikiagoa. Onartu du, hala ere, sektore batzuetan handiagoa dela parte hartzea; Ezkerraldean, adibidez, saltokien erdiak itxita daudela dio patronalak. Piketeen jarduna salatu, gainera.
Bilbon Ertzaintza El Corte Ingles saltokia zaintzen ari da, eta tentsio uneak izan dira goizean. Urduñan gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Renferen trenbidean barrikada bat jartzeagatik. Herrizaingo Sailak jakinarazi du, gainera, autobus bateko gidaria zauritu egin dutela arrodamendu batekin jota. Bilboko Udalak esan du bost autobusi eraso dietela piketeek. Ezkerraldean ere izan dira gorabeherak; Portugaleten piketeen aurka oldartu da Polizia. Pertsona bat inputatu egin dute.