CAF 100.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu dute

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman die amiantoak hildako langile ohi baten senideei

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
CAF tren ekoizleak 104.837 euro eman behar dizkie langile ohi baten senideei, langilea amiantoarekin lan egiteagatik gaixotu eta hil zelako. Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du CAFek EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia bati jarritako helegitea.

Langilea 2007ko abuztuaren 6an hil zen, pleurako mesotelioma baten ondorioz. Soldeatzailea zen, eta mesotelioma amiantoarekin lan egiteak eragin zion. CAFen amiantoa erabiltzen zuten bagoiak isolatzeko.

Senideek auzitara jo zuten, eta auzitegiek arrazoia eman zieten, epaileek esan baitzuten langilea laneko gaixotasunak hil zuela.

CAFek kasazio helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, sententzien arteko kontraesanak argitzeko. CAFek Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia batean oinarritu zuen helegitea: sententzia horrek atzera bota zuen amiantoak hildako langile baten senideen kalte-ordain eskaera, ez zekielako langileak zein segurtasun neurrirekin lan egin zuen, ez eta egokiak ziren.

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du CAFen helegitea. Auzitegiaren arabera, «kausalitate harremana dago gertakarien eta gaixotasunaren artean, eta agerian geratu da CAFek ez zuela segurtasun neurririk hartu».CAFek ehun mila euroak eta urteotako interesak ordaindu beharko dizkie langilearen senideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.