CAF Zeelanda Berriko merkatura sartu da, 300 milioi euroko kontratu batekin

Beasaingo enpresak 57 tren elektriko egin beharko ditu Auckland hirirako; 2013rako prest izango ditu aurrenak

Donostia
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Krisiari hortzak erakutsi, eta merkatu berriak konkistatzen jarraitzen du Beasaingo CAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarriles enpresak. Oraingoan, Zeelanda Berrira iritsi da, 300 milioi euroko kontratu batekin. Batetik, Auckland hirirako 57 tren elektriko egin beharko ditu, eta, bestetik, datozen hamabi urteetan haien mantentze lanez arduratu beharko du. Tren horiek Beasaingo lantegian fabrikatuko ditu oso-osorik, eta, okerrik ezean, 2013rako prest izango ditu aurrenekoak.

KiwiRail enpresak Aucklandeko tren azpiegitura modernizatzeko kontratua lortu zuen iaz. Hiri barruan zerbitzua emango duten trenak berritu behar zirela eta, lehiaketa publikoa antolatu zuen. CAFek bere proiektua aurkeztu zuen, eta irabazi egin du.

Fabrikatzaile gipuzkoarrak jakinarazi duenez, Heathrowko aireportua eta Londres erdigunea lotzen dituen zerbitzua hornitzeko egin zituen trenen oso antzekoak egingo ditu Aucklanderako ere. Tren bakoitzak sei bagoi izango ditu: hiru bagoi arrunt, mutur bakoitzean kabinadun bagoi bana eta tarteko bagoi-atoia. Materialik eta segurtasun sistemarik onenak eta puntako teknologia erabiliko ditu ibilgailuak hornitzeko. Tren bakoitzak 380 bidaiarirentzako lekua izango du.

Beasaingo tren fabrikatzaileak aspaldi egin zuen nazioartean hedatzearen eta bost kontinenteetan proiektuak garatzearen aldeko apustua. Alde horretatik, urrats oso esanguratsua egin du Aucklandeko lehiaketa irabazita, Ozeaniako ateak parez parez zabaldu baitizkio. Beste lau kontinenteetan aspalditik ditu proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.