CAFek 113,4 milioi euroko kontratua lortu du Houstonen

39 tren unitate egingo ditu metrorako; iaz bertan behera geratutako kontratuaren ondorengoa da

Miren Garate.
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Metrok, Houstongo metroaren ardura duen konpainiak, CAFi eman dio ibilgailu berrien kontratua. 39 unitate egingo ditu Beasaingo enpresak, eta 113,4 milioi euro inguruko balioa du kontratuak —153 milioi dolar—. Ibilgailu berriak 2014 erdialderako martxan egotea espero da. AEBetan duen menpeko enpresaren bidez lortu du kontratua, eta nabarmendu du Garraio Administrazio Federalaren arauekin «erabat bateragarria» dela adjudikazioa.

Izan ere, joan den urtean, Houstongo metroak bertan behera utzi zuen CAFekin adostutako kontratu bat. 250 milioi euroko balioa zuen hark. 103 tren egin behar zituen CAFek, eta zortzi urterako mantentze lanak ere bere esku geratu ziren. Garraio Agintaritzaren arabera, ordea, proiektua emateko orduan kontratazio legeak eta Buy America arau protekzionista urratu zituzten, ezin baitzaizkie atzerriko enpresei eman diru publikokoarekin ordaindutako proiektuak; CAFi, alegia.

Kontratua eten eta lehiaketa berriro hasi zuten. Eta berriro ere CAFek irabazi du. Oraingoan, ordea, tren gutxiago egingo dira. Beasaingo enpresa, ordea, itxaropentsu agertu da, eta esan du litekeena dela falta diren tren horien eskaintzak ere egitea. «Kontratu honi esker sortuko den lanak dirua sartuko dute AEBen kutxetan, eta hori ona da Houstonentzat eta Texasentzat», adierazi du Gilbert Garcia Metroko bozeramaileak.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan 56 milioi euroren irabaziak izan ditu CAFek, iaz epe berean baino %7,6 handiagoak. Eskaera zorroa handitzea ere lortu zuen tarte horretan, %6,8an hain zuzen, 4.601milioi eurora iritsi arte. Halaber, 11 milioi euroren inbertsioak egin ditu.

Euskal Herrian, Euskotrenentzat trenak egiten ari da Beasaingo enpresa, eta nazioarteanere hainbat kontratu dauzka irabazita. Besteak beste, Brasilgo Sao Paulo eta Recife hirietarako aldirietako trenena, baita Italiako Triesterako eta Mallorcarako ere. Metroetarako hainbat kontratu ere baditu, Istanbul, Madril, Brusela, Caracas eta Delhirako, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.