Zazpi lotetan, orotara 146 tranbia egingo ditu CAFek De Lijn Flandriako Garraio konpainiarentzat. Zoru baxukoak izango dira unitateak, noranzko bakarrekoak eta bi noranzkotakoak, eta, Beasaingo konpainiaren arabera, "estetika modernoa azken belaunaldiko ekipamenduarekin uztartuko dute".
Hautaketa hau lortuta, CAFek bere burua sendotuko du Belgikako material mugigarriaren merkatuan, eta, horrekin batera, Beneluxeko tren merkatuan. Dagoeneko, Utrecht eta Luxenburgorako tranbiak egiten ditu CAFek, eta Amsterdamgo GVBrentzat 63 tranbia berri egiteko kontratua lotu du. Bruselarako 43 metro ibilgailu egiteko kontratua ere uda honetan itxi du. Horrez gain, Herbehereetako NSrentzat Civity trenak egiten ari da.
Flandriako kontratua batuko zaio Beasaingo konpainiaren eskaera zorro beteari. 6.000 milioi eurotik gorako eskaerak ditu CAFek.
Tranbiatan Europako merkatuetan duen esku hartzea sendotzen ere ari da CAF, eta jada zenbait hiri hornitzen ditu: Besançon, Belgrado, Birmingham, Budapest, Cagliari, Debrecen, Edinburgo, Friburgo, Granada, Malaga, Naoned, Saint-Etienne, Stockholm eta Tallin.