Beasaingo (Gipuzkoa) CAF tren enpresak berrehun milioi euro inguruko bi kontratu sinatu ditu Saudi Arabiako bi enpresarekin: SRO Saudi Railways Organizations eta SAR Saudi Railway Company.
CAFek Saudi Arabiarako hamabi bagoi eginak ditu, Saudi Railways Organizations enpresarekin bi kontratu baitauzka adostuta aurretik. Oraingoan lau bagoi egingo ditu enpresa harentzat. CAFek Saudi Arabiarako eraikitako lehendabiziko trenek apirilean hasiko dute euren zerbitzua. Herrialde osoko tren lasterrenak izango dira, orduko berrehun kilometroko abiadurarekin.
Beasaingo enpresak Saudi Arabian duen nagusitasuna bermatu du azkeneko bi kontratu horiekin. Han gauzatutako proiektuekin laurehun milioi euro inguru jaso ditu jadanik, eta Riyadh eta Doha hirietan bulegoak ireki ditu.