ekonomia

CAFek atzera bota du lana erregulatzeko espedientea, protesten eraginez

Goizean jakinarazi du neurria, eta langile batzordeak goizean batzarrean eman die horren berri Beasaingo lantegiko langileei. Bihar 11:00etan bilduko dira zuzendaritza eta langileak datorren urteko lan eskasiari irtenbidea aurkitzeko. Emandako lehen azalpenean enpresako arduradunek argudiatu dute egoera honek ezin zuela aurrera jarraitu, ez zelako ona ez enpresarentzat ezta langileentzat ere.

jon ordonez garmendia
2012ko abenduaren 17a
16:20
Entzun

CAFeko zuzendaritzak gaur goizean langile batzordeari jakinarazi dio atzera bota duela datorren urteko lehen sei hilebeteetako lana erregulatzeko espedientea. Langile batzordea langileekin bildu da gaur goizeko 07:30ean, Beasaingo lantegian, eta erabakiaren berri eman die. Gaur ordu bateko lanuztea egin dute langileek, baina langile batzordearen azalpenak entzuteko izan da. Protesta ekintza guztiak bertan behera utzi dituzte.

Bihar bertan zuzendaritzarekin bilduko da langile batzordea irtenbidea aurkitzeko, goizeko hamaiketan. Langile batzordeari emandako lehen azalpenean enpresako arduradunek zioten ezin zuela egoera honek aurrera jarraitu, ez zelako ona ez enpresarentzat ezta langileentezat ere. Datorren urteko lan eskasiari aurre egiteko zer neurri hartu aztertuko dute ziurrenik.

Langileak, pozik

CAFeko langileak pozik agertu dira euren argudioak jaso dituztelako. Batetik, salatu nahi izan dute orain arte CAFen akordioen bidez egin direla gauzak, eta espedientearekin hamabost egunetan lan erreforma ezarri nahi izan dietela, alde bakarretik. Bestetik, langile batzordeak zioen ez dela onargarria urtean ehun milioi eurotik gora irabazten dituen enpresa batek langileak langabeziara bidaltzea, hortik ordaindu diezaieten.

Zer neurri hartu aztertuko dute bihar, beraz. LABek dio, gainera, lehenbailehen bilatu beharko dela irtenbidea eta martxan jarri, urtarrilerako aurreikusten delako lan zamaren jaitsiera. Langabeziara bidali beharrean, langileak etxera bidaltzea eta etorkizunean orduak errekuperatzea izan daiteke mahai gainean jarriko duten aukeretako bat, edo oporrak aurreratzea, beste bat.

Bideoa ('Goierriko Hitza'): ostegunean Beasainen egindako manifestazioa.

[YouTube]http://youtu.be/Zc--F_3F4Og[/YouTube]

Azaroaren amaieran hasi zituzten protestak langileek. Zuzendaritzak ezarri nahi zuen espedienteak 700dik gora langileri eragingo zien, IV dibisioan lanean direnei. Langileek, ordea, mobilizazioak hasi zituzten horren kontra, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean. Langileek argudiatzen zuten ia 100 milioi euro irabazi dituen enpresa batek ezin duela neurri hori hartu. Sindikatu guztiak agertu ziren neurriaren kontra hasieratik.

Azken aste hauetan euren protesta kalera eraman dute langileek, eta bitan manifestatu dira Beasainen —azkenekoz joan den ostegunean—, behin Ordizian eta beste behin Donostian. Horrez gain, joan den asteazkenean Eusko Legebiltzarraren parean egin zuten protesta, inbestidura saioan, beste zenbait enpresatako langileekin batera. Mobilizazio entzutetsuak izan dira, ia erabatekoa izan delako langileek protestei eman dieten babesa. 

Etekinak, Goierrin eta Euskal Herrian

Lau orduko bederatzi lanuzte egin dituzte langileek, eta gaur hamargarrena egitekoak ziren. Aurreko asteartean batzarrean erabaki zutenez, gutxienez urte amaiera arte mobilizazioekin jarraitzeko asmoa zuten. Joan den ostegunean, gainera, Martin Garitanorekin bildu ziren enpresari interpelatzeko eska ziezaion horrek. Kutxabanki ere gatazkan parte har zezala eskatu zioten. Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko alkateek hasieratik agertu zieten babesa langileei, eta Beasainen egin zen lehen manifestazioan izan ziren.

Enpresak dio datorren urteko lehen sei hilabeteetan ez dagoela lanik IV. dibisioan, eta lan prozesuaren amaieran dauden 892 langileei eragin ziezaiekeen dosierrak. "Zertarako balio du CAFen moduko multinazional bat izateak, etekinak ekarri arren ez baditu Goierrin eta Euskal Herrian lanpostuak mantentzen?", galdetu zuten langile batzordeko ordezkariek Donostian egin zuten manifestazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.