"Urte ona izan da enpresarentza, kontratazioari dagokionez", azpimarratu du ohar bidez Beasaingo trengileak (Gipuzkoa). CAFek kontratu berri bat itxi du Indiako Larsen & Toubro Limited enpresarekin, Maurizioko Errepublikan 17 Urbos tranbia hornitzeko. Sinatu berri duten kontratu berriak 100 milioi eurotik gorako balioa dauka.
Azken kontratu horri esker, hain zuzen, CAFek lortu du 2017ko ekitaldian eskarien bolumena 1.500 milioi euro ingurukoa izatea. Nabarmentzekoak dira aurten nazioartean lortu dituen kontratuak: Suedian, Belgikan, Herbehereetan, Italian, Ameriketako Estatu Batuetan, Filipinetan, Erresuma Batuan eta Zeelanda Berrian.
Maurizio Errepublikarako lortutako kontratua giltza eskurako proiektu bat da. Maurizio irla Indiako ozeanoko hego-mendebaldean dago, Madagaskarretik 900 kilomtero ingurura, eta Indiako hegoaldeko muturretik 3.800 kilometrotara. Herrialdea garraio azpiegiturak eta zerbitzuak modernitzatzen ari da, eta Indiako Larsen & Toubro Limited enpresa ari da egiten garraio arloko sistema integratuaren garapena (proiektu osoak 450 milioi euroko balioa dauka).
Bada, Indiako konpainia hori hornituko du CAFek. Gipuzkoako konpainiaren hornidurak honako hauek biltzen ditu: %100ean zoru baxuko bi noranzkotako hamazortzi tranbia (bakoitza zazpi modulutakoa), seinaleztapen sistema, ibilgailua modu automoatikoan lokalizatzeko sistema (AVLS), iraganbideko seinalearen lehentasuneko sistema (TSPS), gordailurako ekipamendua, eta gidatze simulagailua.
Tranbia sareak 26 kilometro izango ditu, eta Maurizioko bost hiri nagusiak lotuko ditu: Curepipe, Vacoas, Rose Hill, Quatre Bornes eta Port Louis hiriburua. Eremu horretan 600.000 pertsona inguru bizi dira, eta heremeretzi geltoki izango ditu sareak; horietako bi azken belaunaldiko geltoki garatuak izango dira. Proiektua lau urtetan amaitu nahi dute, eta hamahiru kilometroko lehen fasea bi urteko epean entregatuko dute.
Gasteizko tranbia berriak ere, CAFenak
Nazioartean ez eze, etxean ere lortu du kontraturik CAFek. Gasteizerako zazpi moduluko hiru tranbia berri hornitzeko aukeratu dute Beasaingo enpresa. Era berean, akordioak jasotzen du gaur egun hirian zirkulatzen duten unitateetako hirutan tamaina handitzea: bost modulutik zazpira. Kontratu berriaren zenbatekoa, guztira, 14,5 milioi eurokoa da.
2008an inauguratu zuten Arabako hiriburuko tranbien lehenengo linea, eta CAFek 11 unitate hornitu zituen. Unitate horiek %100 zoru baxukoak dira, bi noranzkotakoak, eta CAFek hiriko garraiorako garatutako Urbos plataforman oinarrituakoak.
Gogoratu beharrekoa da, halaber, Gasteizko hiriko garraioaz arduratzen den udal konpainiak Vectia Mobilityri (CAF Taldeko filialari, alegia) esleitu ziola hiriko hamar autobus hibrido hornitzeko kontratua, 3,3 milioi eurokoa. Bada, konpainiak azaldu du autobus horiek 2018 eta 2019 artean iritsiko direla Gasteizera.