Trenen sektorean zabalik zegoen munduko kontraturik handienetakoaren lehiaketako finalista izan da Beasaingo CAF, Japoniako Hitachirekin batera, baina ez batak eta ez besteak ez dute lortu Londresko aldiriko sarerako 65 trenen kontratu hori, Kanadako Bombardierrek baizik. 1.200 milioi euroko proiektua da, eta ikusmina handia zen, irabazleari lan karga handia ekarriko zion eta.
Kontua da Bombardier dela Erresuma Batuan ekoizpen planta bat daukan finalista bakarra, eta lehiaketa deitu dutenek —Londresko Udala eta Ingalaterrako Gobernua— onartu dute Bombardierren garaipenak Derbyn 760 lanpostu salbatuko dituela. Esleipena "justua" izan dela diote, era berean, baina ezkutatu gabe lehiaketako oinarrietan eskatzen zena: Ingalaterrako enpresa txiki eta ertainetan enplegua sortzea. Crossrail proiektuaren balioaren %74ak Erresuma Batuan geratu behar zuen nahitaez oinarri horien arabera.
Alemaniako Siemens multinazionalak, izan ere, uko egin zion lehiaketan parte hartzeari, eta ohartarazi Bombardierrekin ezingo zuela lehiatu oinarrien baldintzak kontuan hartuta. Oinarriek argi diote Crossrailen proiektuaren garapenaren zati handiena Erresuma Batuan egin behar dela. Irabazlearen izendapena, dena den, Europako arauen eta eskaintzen prezioen arabera egin dela dio Londresek.
Kontratu erraldoi hori Erresuma Batuan geratzeko presioak, nolanahi ere, begien bistakoak izan dira, Ingalaterrako diputatu talde batek lehiaketa Bombardierri emateko eskatu baitzion publikoki parlamentuari. Derbyko lantegiari eustea zuten helburu, eta azkenean hango 760 lanpostuek bere horretan jarraituko dute 1.200 milioi euroko proiektuari esker.
Londresko Crossline 2018rako jarri nahi dute martxan.