Filipinetan lortzen duen lehen kontraturako Beasaingo CAF Japoniako Mitsubishi korporazioarekin batera jardungo da lanean, Manila hiribururako LRT 1 Linearako tren arinak egiten. Ez da bi enpresak elkarrekin ibiliko diren lehen aldia izango, Istanbuleko (Turkia) metrorako unitate automatikoak eta Canberrako (Australia) tranbiak ere elkarrekin hornitu baitituzte.
225 milioi euroko kontraturako finantzaketa Japoniatik etorriko da, herrialde horretako eta Filipinetako gobernuek hitzartutako mailegu berezi batetik. 30 tren arin egingo ditu CAFek orotara, eta haiek 2020.urtetik 2022rako tartean hornitzeko konpromisoa hartu du. Katenaria bidezko elikadurarekin, bi noranzkoetako unitateak izango dira. Albo banatan hamasei ate izango dituzte bidaiarien sartu-irtenak erosoagoak izateko. 106 metroko luzerarekin, unitate bakoitzean 276 eserleku izango dituzte.
Trenok gehienera 70 kilometro orduko abiadura hartuko dute. Manilako LRT 1 Linea, berez, lur-gaineko metro linea bat da, hogei kilometroko luzerakoa. Manila osoa zeharkatzen du iparretik hegora eta, gaur egun, beste hamabi kilometro gehitzen ari zaizkie, Cavite probintziarantz.
CAF pozik agertu da Filipinetako kontratu honekin: "Ekitaldiko bigarren seihilekoan eskarien bolumena handitzeko CAFen aurreikuspenak berresten ditu". Uztailaz geroztik hainbat kontratu gehitu ditu konpainiak bere eskarera zorrora: tranbiak Stockholmen (Suedia), Flandrian, Consenzan (Italia), Seattle eta Kansasen AEB); metroak Aljerian; eta trenak Erresuma Batuan eta Zeelanda Berrian.
Napoliko metroa
Iaz hitzartutako beste kontratu bat ere gehituko dio ofizialki CAFek bere eskariei, Napoliko hiriak (Italia) sinatu baitu metrorako hamar unitate erosteko kontratua. Sei kotxeko hamar unitateen lehen aleak 2019. urtean hornituko ditu CAFek. Beste hamar unitaterekin hedatzeko aukera jasotzen du oraingoz 90 milioi eurokoa den kontratuak.