CAF Beasaingo tren konpainiak gaur jakinarazi du Galesen kokatuko duela Erresuma Batuan ireki nahi duen lantegi berria. Kontratu garrantzitsuak eskuratu ditu orain dela gutxi han, eta lantegi berriarekin horiei erantzun nahi die. Erresuma Batuan ezarri aurretik "lan zorrotza" egin du CAFek, ohar batean jakinarazi duenez, eta hainbat kokapen aztertu ditu, trenbide sarerako loturak, langileen kualifikazioa eta kokapen egokiena zeintzuk diren aintzat hartuz. CAFek jakinarazi du ehun kokapen inguru aztertu dituztela, eta azkenean Newport hiria aukeratu dute. Galesko hiri handienen artean hirugarrena da, eta 140.000 biztanle ditu.
Lantegiak 46.000 metro koadro izango ditu, eta 300 langile arte izatea aurreikusten du. Ez dute baztertzen etorkizunean handitzea. Gainera, zeharka horniketa lanekin lanpostu gehiago sortzea espero duela esan du Beasaingo konpainiak. Atzo jakinarazi zuen CAFek BWB ingenieritza enpresa britainiarra erosi duela, Erresuma Bartuan egiten ari diren zabalpen estrategia indartzeko. Newporten "trenbide-ibilgailu mota oro" egitea da asmoa, eta muntaketa eta akabera lanak egingo dituzte, baita trenak zerbitzua ematen hasi aurretik egin beharreko frogak ere. Lantegiak Galesko Gobernuaren Atzerriko Inbertsioen Programako diru laguntzak jasoko ditu.
CAFek azken urteetan presentzia handia izan du Erresuma Batuan. Berriki eskuratu dituen kontratuen artean Arriva Rail North Limited-ena dago, 43 tren elektriko eta 55 diesel tren egiteko. First Group-en operadorearen kontratuarekin 66 kotxe (bidaiariak garraiatzeko bagoiak) eta bost kotxeko hamabi unitate elektriko hornitzeko eta mantentzeko lanak eskuratu ditu. Bi kontratu horiekin 1.000 milioi euro eskuratuko ditu CAFek. Horiez gain, Caledonian Sleeper frankiziarentzat Eskozia eta Londres lotuko dituzten 75 kotxe egiten ari da une honetan, eta 2018an entregatzea aurreikusten dute. Lantegi berria 2018 erdialderako martxan egotea espero dute.