EKONOMIA

CAFek hamalau tranbia egingo ditu Australiako hiribururako

Hogei urtez Canberrako tranbiako hamalau ibilgailu hornitzeko eta mantentzeko kontratua eskuratu du Beasaingo enpresak.

CAFek Canberrarako ekoitziko dituen tranbien diseinua. CAF
Oihan Vitoria.
2016ko maiatzaren 17a
08:08
Entzun

CAFek giharra erakutsiz jarraitzen du. Beasaingo multinazionalak Europako merkatuan inoiz lortu duen kontraturik handiena sinatu zuen urtea abiatu berritan Ingalaterran. Eta orain, beste kontratu handi bat lortu du Australian. Sidneyren ondoren, Canberra hiriburua ere Urbos familiako tranbiekin hornituko du: bost moduluko hamalau tranbia egingo ditu, 33 metro luzekoak. Mantentze lanak ere bere gain hartuko ditu. Cimic (ACS) enpresarekin batera, gaur egin du ofizial tranbiaren lehen tartea eraikitzeko akordioa.

Australiako hiriburuko linea horrek 12 kilometroko luzera eta 13 geltoki izango ditu, eta Gungahlin barrutia Canberrako erdigunearekin lotuko du. Urte amaieran hasiko dituzte Canberrako tranbiako lanak, eta 2019aren hasieran martxan izatea espero dute. Lehen ibilgailuak 2017ko amaieran entregatuko beharko ditu CAFek. Proiektuak 386 milioi euro inguruko kostua edukiko du.

Lan bolumena handitzeko aukera

Gipuzkoako konpainia handienaren arabera, ibilgailu berriek estetika modernoa azken belaunaldiko ekipamenduarekin eta irisgarritasun handienarekin uztartuko dute, erosotasuna, errendimendua, eragiteko erraztasuna eta mantentze lanak "bigarren mailan" utzi gabe. "Unitate horiek agerian uzten dute CAFek bezero bakoitzaren behar espezifikoei erantzuna emateko duen gaitasuna", nabarmendu du enpresak.

Luzera begira, gainera, lan bolumena handitzeko aukera ikusten du CAFek. ACTk (Australian Capital Territory) proiektuaren bigarren fasea gauzatzea erabakiko balu —linea Russell-eko eremuraino luzatzea aurreikusten du bigarren faseak—, tranbiak energia bertan biltegiratzeko CAFen teknologiarekin ekipatuko lirateke. Teknologia hori liderra da mundu mailan, eta geltokien artean katenariarik gabe zirkulatzea ahalbidetzen du.

Azken kontratua, oro har, ez da salbuespena CAFentzat. Beasaingo enpresak "arrakastarekin" hornitu ditu Urbos plataformako beste ibilgailu batzuk Alemania, Brasil, AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Hungaria, Serbia, Suedia eta Taiwango zenbait hiritan. Eta zabalkundean jarraitzen du, etenik gabe: duela hiru hilabete, Errusian sinatutako beste kontratu baten berri ere eman zuen: MWMk Moskuko metrorako egingo dituen trenetako erreduzitzaileak eraikiko ditu CAFek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.