CAFeko zuzendaritzarekin bildu ostean, Beasaingo lantokiko langileek gaur batzarrean lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute. Zuzendaritzak ezarri nahi duten lan espediente erregulazioaren aurka aurten urte amaiera arte lau orduko lanuzteak egingo dituzte. Ostiral honetan eta hurrengoan jai dutenez, zehazki beste sei egunez eutsiko diete lanuzteei gutxienez, LABek azaldu duenez.
Bihar, gainera, Gasteizera joango dira langileak Eusko Legebiltzarrera, parlamentarien aurrean enpresaren erabakia salatzera. Zehazki, hogeitik gora autobus joango dira, pasa den ostegunean Donostira joan zirenean bezala. Langile batzordearen asmoa euren jarrera agertzea izango da, eta ahal izanez gero, hurrengo lehendakariari euren mezua helaraztea. Bihar langile gehiagok ere badu Legebiltzarrera hurbiltzeko asmoa, tartean, Gamesakoek.
Ostegunean, beste manifestazio bat Beasainen
Gaurkoa CAFeko langileek enpresaren asmoak ezagutu zituztenetik egin duten hirugarren bozketa izan da, eta ezezko botoak gehiago izan diren arren, gehiengoak protestekin jarraitzearen alde egin du. LABek jakinarazi duenez, 1.404 langilek eman dute botoa, eta horietatik 1.157 agertu dira mobilizazioen alde eta 161, kontra; 84ek zuri bozkatu du.
ESKk zehaztu duenez, langile bakoitzak orotara 34 orduz egin du lanuztea, eta guztira 50.000 ordu inguru dira lantegi osoan. Ostegunean Beasainen beste manifestazio bat egingo dute eta datorren asterako mobilizazio gehiago iragarri dituzte, baina oraindik zehaztu gabe dituzte.
'Gaurko borroka, biharko enplegua'
Orain dela bi aste inguru hasi ziren langileak "presio neurriekin", enpresarengandik lan erregulazio espedientea ezarri nahi zutela jakin zutenetik. Sindikatu guztiek esan zuten ezetz. Hainbat lanuzte egin dituzte harrezkero, eta hiru manifestazio, Beasainen, Ordizian eta Donostian, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean. Lehenengoan izan ziren Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko alkateak.
Langile batzordeak salatu du CAFek irabazi asko dituela, eta, hala ere, dosierra ezarri nahi dietela. ESKren arabera 93 milioi euroko irabaziak ditu urteko, eta eskari zorroa 5.000 milioi eurokoa baino handiagoa da.
Zuzendaritzaren arabera, datorren urterako lanik ez da
Enpresak dio datorren urteko lehen sei hilabeteetan ez dagoela lanik IV. dibisioan, eta lan prozesuaren amaieran dauden 892 langileri eragin diezaieke. Atzo izan zen kontsulta fasean zuzendaritzak eta enpresa batzordeak iragarrita zuten azken bilera, baina hori ere akordiorik gabe amaitu da.
"Zertarako balio du CAFen moduko multinazional bat izateak, etekinak ekarri arren ez baditu Goierrin eta Euskal Herrian lanpostuak mantentzen?", galdetu zuten langile batzordeko ordezkariek pasa den osteguneko manifestazioan.